Itxi

Grezia

Goldamen Sachseko enpresari Stefanos Kasselakisek hartu du Syriza alderdi greziarraren ardura

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ikasle zela —2008an— Joe Bidenen (orduan senatari zen gaur egungo AEBko presidentea) kanpainan hartu zuen parte, Alderdi Demokratarekin. Urtebete geroago, 21 urterekin, Goldman Sachsek kontratatu zuen.

Stefanos Kasselakis. Argazkia: EFE

Goldman Sachseko enpresari eta exekutibo ohi Stefanos Kasselakis hautatu du Syrizak alderdiko buru. Orain arte presidente izandako Alexis Tsiprasek dimisioa eman ostean, hauteskunde primarioak egin ditu greziar alderdiak.

35 urte ditu, baina ez du politikan esperientziarik. Alabaina, oposizioko taldea zuzentzeko babesa lortu du, 38 urteko Effie Achtsioglou diputatu eta Lan ministro ohiari aurrea hartuta. Gainerako hiru hautagaiak aurretik geratu ziren lehiatik kanpo.

Miamin bizi da Syrizako buruzagi berria, eta greziarren artean ezezaguna zen orain arte. Izan ere, hango hauteskunde legeek erbesteratuta dauden hautagaiei botoa ematea onartzen du.

Iragan abuztuan, alderdiarentzat proposamen sorta bat aurkeztu eta egun gutxira, Kasselakisek lau minutu inguruko bideo bat argitaratu zuen, bere bizitzaren nondik norakoak laburtuz eta alderdiaz zuen ikuskera azalduz. Pisua hartu zuen orduan, nahiz eta ordura arte Achtsioglou zen hautagai faboritoa.

Haatik, bere hautagaitzak kritikak ekarri dizkio Syriza alderdian aurretik izandako politikarien artean. Finantza ministro ohi Euclid Tsakalotosek —hautagai zen baita—, esaterako, "sare sozialek bultzatutako azaleko pospolitikara lotzea" egotzi dio.

Kasselakis, Greziako ezkerra bereganatu duen enpresari liberala

1988an Atenasen jaioa, ezkerreko buru berriak AEBera emigratu zuen 14 urte zituela. Han, Finantza ikasketak egin zituen Pennsylvaniako Unibertsitatean, beka bat lortuta.

Ikasle zela —2008an— Joe Bidenen (orduan senatari zen gaur egungo AEBko presidentea) kanpainan hartu zuen parte, Alderdi Demokratarekin. Urtebete geroago, 21 urterekin, Goldman Sachsek kontratatu zuen. "Diruak dakarren oilarkeriaz" konturatu zen han, berak esan zuenez. Horregatik, kargua uztea erabaki zuen.

Liberal samarra, ekonomiari eta eskubide sozialei dagokienez, Kasselakisek homosexuala zela iragarri zuen Syrizako barne hauteskundeetako kanpainan. Publikoki bere homosexualitateaz hitz egin duen lehen buruzagi greziarra da, beraz.