Ekialde Hurbila
Palestinak gatazkaren "erroei" heltzea eskatu du, eta Israelek "gerra krimentzat" jo ditu erasoak
Agentziak | EITB Media
Bi herrialdeetako enbaxadoreek adierazpenak egin dituzte NBEko Segurtasun Kontseiluak igande honetan ateak itxita egindako premiazko bileraren aurretik.
NBEko Segurtasun Kontseiluak bilera egin du igande honetan Israelen eta Palestinako lurraldeen arteko gatazka aztertzeko.
Bilera hasi aurretik egindako adierazpenetan, Riad Mansur Palestinak NBEn duen enbaxadoreak Gazako indarkeria gelditzeko eta gerra berri bat eragin duen gatazkaren "erroei" heltzeko eskatu dio Israeli.
Mansurrek nazioarteari aurpegiratu dio "israeldarrak hiltzean" soilik jartzen duela arreta, eta ez dituela aintzat hartzen Israelek Gazan egindako blokeoaren eta erasoen inguruan Palestinak jarritako salaketak.
Segurtasun Kontseiluaren bilerari begira, nazioarteko komunitateak Israeli eta bere autodefentsari ematen dien babes handia aitortu du, baina, aldi berean, palestinarren aurkako "agenda kolonialista eta arrazistari" ezikusi egiten zaiola salatu du, eta, beraz, gatazkaren "panorama globala aintzat hartzeko" eskatu du.
"Bide baketsua aukeratu genuen gure eskubideak lortzeko, baina Israelek indar gordina erabiltzen jarraitu zuen palestinarren bizitzen eta eskubideen aurka. Israelek ezin du nazio batean, bere herrian, lurraldean eta tenpluetan gerra osoa egin eta gero bakea espero: gatazkaren erroari heldu behar dio", esan zuen.
"Nire atzeko aretoan dauden guztiak (...) ados daude jokoa amaitzearekin. Israelek babes politikoa eta militarra espero eta eskatzen du, nazioarteko legitimitate eta adostasun funtsezkoenen aurka dauden helburuak sustatzen dituen bitartean", gaineratu du.
"Ezin da esan: 'Ezerk ez du justifikatzen israeldarrak hiltzea' eta gero palestinarren hilketak justifikatu. Ez gara infrahumanoak, berriz diot, ez gara infrahumanoak", gaineratu du Mansurrek.
Remarks of Dr Riyad Mansour, Representative of the State of Palestine to the UN, just before the start of the Security Council meeting pic.twitter.com/9W4J9uIqxR
— Ambassador Majed Bamya ¿¿ (@majedbamya) October 8, 2023
Era berean, Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek nazioarteko batasuna eskatu du Segurtasun Kontseiluaren aldetik.
"Gerra-krimen gordin eta barbaroak ikusten ari gara: zibilak erailtzen ari dira, bahituez abusatzen, amei umetxoak kentzen", adierazi du diplomazialariak hedabideei egindako adierazpenetan, eta gerra berri bat eragin duten erasoak "gure irailaren 11" gisa deskribatu ditu.
Ziurtatu duenez, gaur nazioarteko komunitateko "kide askok" babesa adierazten diote Israeli, baina "baliteke bihar hala ez izatea", eta NBEri eta "bereziki" Segurtasun Kontseiluari leporatu dio, bere herrialdeari buruzko "memoria oso laburra" izatea, nahiz eta ez duen inor seinalatu nahi izan.
Hamas boterera iritsi zenetik, "mundua talde islamistarekin hitz egiten saiatu da", esan du, eta "nazioarteak milaka milioi bidali ditu Gaza birgaitzeko funtsetan", baina, salatu duenez, "diru hori lurraldean azpiegitura terroristak garatzeko erabili dute".
"Segurtasun Kontseilua biltzear dela, Israelek eskakizun bakarra du: Hamasen gerra krimenak zalantzarik egin gabe zigortu behar dira (...)", gaineratu du Erdanek.
The @UN Security Council will meet today to discuss the developments in Israel. Israel is facing brutal terror attacks, the likes of which we have never seen before. This is our 9/11. The civilized world must stand with Israel and with our right to self defense. pic.twitter.com/n8xCAQvqJI
— Ambassador Gilad Erdan ¿¿¿¿ ¿¿¿¿ (@giladerdan1) October 8, 2023
(Oharra: edizio hau ixtean, bilera amaitu gabe zegoen artean)