Itxi

Israel

Benjamin Netanyahuk "gerra kudeatzeko gobernua" osatu du Beny Gantz Defentsa ministro ohiarekin

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Netanyahu, Gantz eta Yoav Gallant Defentsa ministroak osatuko dute larrialdiko gobernu. Gainera, Yair Lapidentzat lekua gordeko dute, Gantzekin batera oposizioko kiderik indartsuena baita. Hala ere, Lapid sartzeko negoziazioak oraindik ez dira amaitu.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Beny Gantz oposizioko kidearekin, Defentsa ministro ohiarekin eta Armadako Estatu Nagusiko buruzagi ohiarekin, batera larrialdiko gobernu bat eratuko duela iragarri du gaur, Gazako milizia palestinarren aurkako gerrari aurre egiteko.

Gantz, Gideon Saar Justizia ministro ohiarekin, Gadi Eisenkot Armadako Estatu Nagusiko buruzagi ohiarekin eta beste bi diputaturekin batera, Gobernuaren segurtasun eta politika kabinetean sartuko dira, gerrak irauten duen bitartean. Bostak Gantz buru duen Unitate Nazionala zentro-eskuineko alderdiko kideak dira.

Netanyahu, Gantz eta Yoav Gallant Defentsa ministroak osatuko dute "gerra kudeatzeko kabinetea". Eisenkotek eta Ron Dermer Gai Estrategikoetako ministroak kabineteko behatzaile gisa jardungo dute.

Gainera, "gerra kudeatzeko kabinetean" Yair Lapidentzat lekua gordeko dute, Gantzekin batera oposizioko kiderik indartsuena baita Parlamentuan.

Hala ere, Lapid sartzeko negoziazioak oraindik ez dira amaitu, eta tokiko hedabideek azaldu dutenez, Netanyahuren koalizioko kide ultraeskuindarrekin desadostasunak daudelako.

Azkenik, hitzarmenak ezartzen duenez, gerrak irauten duen bitartean, ezin izango da lege-proiekturik bultzatu, ezta gobernu-erabakirik hartu ere, miliziekiko gatazkari lotuta ez badaude.

Gantz Netanyahuren gobernukide izan zen iraganean ere, baina bi agintarien arteko ika-mikek eta Netanyahuk txandakatze-akordioa betetzeari uko egiteak koalizioa hautsi zuten.

Ordutik, Gantz oposizioan mantendu da, eta askotan uko egin dio gobernuan sartzeari.

Netanyahuren gobernuak bultzatutako erreforma judizialak eragindako polemikaren erdian, Gantz da ia inkesta guztietan herritarren babes handiena jasotzen duen politikaria.