Klima-aldaketa
Txikiak handien aurka: 6 gazte portugaldarrek Europako 32 herrialderen aurka zabaldu duten kasuaren gakoak
Agurtzane Aramendi Elduaien | EITB Media
11 eta 24 urte bitartean dituzten gazteek Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu dituzte herriak. Klima-aldaketaren aurka ez dutela behar adinako neurririk hartzen diote, eta euren giza eskubideak urratzen dituztela, besteak beste, bizitzeko eskubidea.
Mariana, Martim, Claudia, Andre, Sofia eta Catarina dira Estrasburgoko Auzitegira jo duten sei gazteak. 32 herrialde dituzte jomugan: Europar Batasuneko 27ak eta Erresuma Batua, Suitza, Norvegia, Errusia eta Turkia. Salatzaileek 11 eta 24 urte bitartean dituzte. Beraz, lehen begiratuan, David eta Goliaten arteko norgehiagoka izango dela dirudi. Hala ere, esparru judizialean "Duarte Agostinho eta besteak, Portugal eta besteen aurka" izena jarri dioten kasu hau historikotzat jo dute Europako hedabide askok, hainbeste salatu dituen klimari buruzko kasu bat ez delako inoiz auzitegi honetara iritsi.
Salatutako herrialdeak. Irudia: EITB Media.
Gazteen esanetan, herrialde horiek (hasiera batean Ukraina ere sartu zuten eskaeran, baina gerraren hasieran ateratzea erabaki zuten) beren giza eskubideak urratzen dituzte, "ez dutelako nahikoa egiten klima-aldaketa gelditzeko". Besteak beste, ez dutela berotegi-efektua sortzen duten gasen kopurua murrizten salatzen dute. Ildo horretan, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren zenbait artikulu aipatzen dituzte; adibidez, bizitzeko eskubidea aitortzen duen 2. artikulua.
Aipatzen dituzten artikuluak. Irudia: EITB Media.
Salaketa jarri duten gazteetako batzuk Portugalgo Leiria eskualdean bizi dira. Han baso-sute izugarriak izan zituzten 2017an, eta 65 pertsona baino gehiago hil ziren. Hala, 2020an, gobernuz kanpoko hainbat erakunderen laguntzarekin, gazte horiek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea erabaki zuten. Ez dute inolako kalte-ordainik eskatzen. Horien eskaera bakarra da herrialde horiek guztiek Parisko Akordioa bete dezatela, 2015ean konpromiso hori hartu zutelako, eta ahal duten guztia egin dezatela batez beste tenperatura globala 2 ºC-tik behera igo dadin.
Hilabete ugaritako izapideen ondoren, irailean egin zen kasu honen inguruko lehen bilkura Estrasburgon (ordutik dokumentazioa trukatzen jarraituko dute). Sei gazteak eta horien abokatu-taldea demandatuak ordezkatzen dituzten 87 abokaturen eta kasua daramaten Giza Eskubideen Europako Auzitegiko 17 epaileen aurrean eseri ziren.
Demandatuak defendatzen ari diren abokatu-taldeetako kide batzuek zalantzan jarri zuten kasuaren prozedura, eta adierazi zuten salatzaileek herrialdeko auzitegietara jo behar zutela lehendabizi. Auzitan jarri zuten, halaber, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak auziaren gaineko jurisdikziorik izatea, "gazteak ez direlako salatu dituzten herrialdeetako herritarrak, Portugalgoak baizik".
Hala ere, gobernantza jasangarrian aditua den Itziar Eizagirreren iritziz, auziak aurrera egin dezake, horretarako oinarri legala badagoelako. "NBEren batzarrak ingurumen osasuntsua izateko giza eskubidea" aitortua duela eta Europa mailan hainbat tratatu eta zuzentarauk klimaren arloko gaiei euskarri legala ematen diotela azaldu du.
Ildo horretan, Eizagirrek garrantzi handia ematen dio kasuari. Bere hitzetan, Estrasburgoko Auzitegiak doktrina bateratu bat ezartzeko asmoa du, ondoren, herrialde horietako epaitegi eta auzitegiek euren auzietan aplikatu ahal izango dutena. Izan ere, Auzitegiak hiru kasu ebatzi nahi ditu aldi berean: "Duarte Agostinho" auzia, Suitzako Gobernuaren aurkako kasu bat eta Frantziako Gobernuaren aurkako beste bat.
Auzitegiaren erabakiak lotesleak dira, gainera. Beraz, hala erabakiko balu, salatutako herrialde horiek derrigortu ditzake berotegi-efektuko gasak murriztera. Hori bai, baliteke herrialde bakoitzari neurri desberdinak hartzeko agintzea.
Hala ere, Estrasburgoko Auzitegiak ziurrenik hainbat hilabete beharko ditu erabaki bat hartzeko.