Sakharov Saria
Euroganberak Mahsa Aminiri eta "Emakumea, bizitza, askatasuna" mugimenduari emango die Sakharov saria
AGENTZIAK | EITB Media
Mahsa Aminiren "hilketa basatiak" emakumeek gidatutako mugimendu historikoa aktibatu du, Europako Parlamentuko presidentearen arabera. Beloa "gaizki" jarrita eramateagatik atxilotu zuen iaz Irango Moralaren Poliziak, eta poliziaren zaintzapean hil zen.
Europako Parlamentuak Mahsa Amini irandarrari eta haren heriotzaren ostean sortu zen "Emakumea, bizitza, askatasuna" mugimenduari emango die aurten Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov saria.
"Mahsa Aminiren hilketa basatia une erabakigarria bihurtu da. Emakumeek gidatutako mugimendu historikoa aktibatu du. Munduak "emakumea, bizitza, askatasuna" oihua entzun du, eta goiburu bihurtu da Iranen berdintasuna, duintasuna eta askatasuna defendatzen dutenentzat", adierazi du Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak sariaren irabazleak iragartzerakoan.
Metzolaren esanetan, Iranen aldaketa gidatzen ari diren emakume, gizon eta gazteak omentzeko balio behar du 2023ko Sakharov sariak. "Europako Parlamentuak entzuten dizue, munduak ikusten zaituzte, zuekin gaude", gaineratu du.
Mahsa Amini beloa "gaizki" jarrita eramateagatik atxilotu zuen iaz Irango Moralaren Poliziak, eta poliziaren zaintzapean zegoela hil zen.
Saria emateko ekitaldia abenduko osoko bilkuran egingo dute, Estrasburgon, eta "Emakumea, bizitza, askatasuna" mugimenduko ordezkariek jasoko dute golardoa.