ISRAEL-HAMAS GERRA
Israelek adingabe gehiago hil ditu Gazan 22 egunetan mundu osoko gatazketan urtean hiltzen direnak baino
agentziak | eitb media
Iaz 2.985 haur hil zituzten munduko gatazka armatuetan, eta Israelek 3.340 hil ditu Gazako Zerrendan urriaren 7tik. Gainera, mila daude desagertuta, hondakinen azpian harrapatuta.
Israelen eta Gazako milizia palestinarren arteko gerra hasi zenetik hiru aste igaro direnean, Israelgo Armadak 2019tik munduko gatazketan urtean hil diren haurrak baino gehiago hil ditu, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez.
Urriaren 7an gatazka gogortu zenetik, 3.340 adingabe hil dituzte Gazan, 33 Zisjordanian eta 29 Israelen, eta iaz 2.985 haur hil ziren mundu osoko 24 herrialdetan izandako gatazka armatuetan.
Gazako Zerrendan hildako 8.000 herritarretatik, % 40 inguru dira adingabeak, Zerrendako Osasun Ministerioaren datuen arabera.
8.000 palestinar hil ditu Israelek, nazioartearen su-eten eskaera ozenari entzungor egiten dion bitartean
Gainera, kopuru horri "hondakinen artean harrapatuta desagertu diren beste mila haur gehitu behar zaizkio". Beraz, Save the Childrenek dio "litekeena" dela "heriotzen kopurua askoz handiagoa" izatea.
Horren aurrean, Save the Children "oso kezkatuta" agertu da, Israelgo Armadak Gazan egin nahi duen "lurreko operazioak nahitaez hildako gehiago" utziko dituelako.