Itxi

Israel-Hamas Gerra

Gutxienez 145 pertsona hil dira Gaza iparraldeko errefuxiatu-eremu batean, Israelen aire-eraso baten ondorioz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Israelen eta Hamasen arteko gerraren hogeita bosgarren eguna da gaur. Hildakoak 10.000 baino gehiago dira, eta zaurituak, 30.000tik gora. Gainera, 240 pertsonak bahituta jarraitzen dute Gazan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israelgo aireko eraso batek gutxienez 145 hildako eta beste horrenbeste zauritu eragin ditu Gazako Zerrendako iparraldean dagoen Jabalia inguruneko errefuxiatuen kanpaleku batean, iturri palestinarrek jakitera eman dutenez.

Gazako Osasun Ministerioak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera, ehunka biktima (hildakoak eta zaurituak) eraman dituzte Gazako Indonesiako Ospitalera, Jabalia inguruko etxebizitzen aurka Israelek egindako aire-erasoaren ostean. Ospitaleko iturriek esan dute 145 hildako eta beste hainbeste zauritu daudela.

Israelek bere gain hartu ditu aire-eraso horiek, eta bonbardaketa horiekin Hamaseko "ehunka miliziano" hil dituela gaineratu du.

Bestetik, egunean zehar, liskar gogorrak izan dira Gazako Zerrendaren iparraldean Israelgo lurreko indarren eta Hamasen beso armatua den Qasam Brigadetako milizianoen artean.

Daniel Hagari Israelgo Defentsa Indarren bozeramailearen hitzetan, "une honetan" soldaduak "borroka latzak" izaten ari dira Gazan "terroristak desagerrarazteko".

"Borrokatzeko modu horrek arriskuan jartzen ditu gure indarrak; konplexua eta kritikoa da", esan du Hagarik prentsaurrekoan, eta "erresilientzia eta pazientzia" eskatu ditu.

Bestalde, Qasam Brigadek sare sozialetan adierazi dutenez, gaur talkak izan dira Gazako ipar-mendebaldean, eta Israelen bi gurdi blindatu izan dituzte koheteekin egindako erasoen jomuga.

Halaber, Zerrendaren iparraldean, Al Tauam eremuan, Israelgo ibilgailuen aurka tiro egin dutela adierazi dute.

Informazio horiek ezin izan dira modu independentean egiaztatu, bi aldeek kazetarien sarbideari ezartzen dizkioten murrizketak direla eta.

Astearte honetan, Israelen eta Hamasen arteko gerraren hogeita bosgarren eguna bete da, urriaren 7an Palestinako talde islamistak Israeli eraso egin ostean. 1.400 hildako eta 5.400 zauritu baino gehiago utzi zituen erasoaldi hark, eta 240 pertsona bahitu, eta Gazara eraman zituzten.

Horren ostean, Israelek egunero bonbardatu du Zerrenda, eta ostiralean lurreko operazioak zabaldu zituen inguru horretan; gerrak orain arte 8.300 palestinar hil eta 21.000 baino gehiago zauritu ditu.

Albisteak (1)

Bideoak (2)