Itxi

Israel-Hamas gerra

Gutxienez 145 pertsona hil dira Israelek Jabaliako errefuxiatu-guneari egindako bi bonbardaketen ondorioz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hamasek iragarri du bahituta zituen zazpi pertsona hil direla errefuxiatuen kanpaleku horretan izandako bonbardaketetan. Gaur, beste bonbardaketa bat salatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Asteartean Israelgo Armadak Gazako iparraldeko Jabalia errefuxiatuen gunearen aurka egindako erasoaren ondorioz, gutxienez 145 pertsona hil dira, ospitaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Gaur, berriz ere, Israelgo indarrek errefuxiatu-gune hori bonbardatu dute, eta beste "sarraski" bat eragin dute, Hamasen arabera.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Israelek kanpamentuari egindako erasoan izandako heriotza zibilak gaitzetsi ditu, eta lege humanitarioa errespetatzeko eta gatazka amaitzeko eskatu die bi aldeei.

Guterres "atsekabetuta dago Gazan gero eta indarkeria handiagoa dagoelako, palestinarren hilketak barne, eta emakume eta haurrak barne, Israelek Jabaliako errefuxiatu-eremuko bizitegi-guneetan egindako bonbardaketetan, atzo eta gaur gertatu direnak", esan du Stephane Dujarric bozeramaileak.

Horren arabera, NBEko buruak "gogor gaitzetsi ditu zibilen hilketak". Esaldi hori argitu behar izan du ondorengo galderetan, eta zehaztu du ez dela erasoen kondena bat, baizik eta "edozein zibilen hilketarena, ez baita zalantzan jartzen Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea".

Eraso gehiago

NBEren arabera, azken 24 orduotan bi eraso egin dituzte etxebizitza guneen kontra: lehenengoan 18 pertsona hil dira; bigarrenean, berriz, 15.

Txostenean nabarmendu duten beste datuetako bat, hauxe: "Familia bereko hiru belaunaldi hil dituzte azken 48 orduetan".

Gazako Osasun Ministerioaren datuak aipatuta NBEk zehaztu duenez, gerra hasi zenetik hil dituzten palestinarren bi heren etxean zeudela hil dituzte, eta ia 2.000 pertsona daude hondakinen artean lurperatuta, 1.000 umetik gora tartean.

Guztira, 8.525 pertsona hil dituzte Gazan urriaren 7az geroztik, 3.542 haur eta 2.187 emakume horien artean.

Hamasek bahituta zituen 7 lagun hil dituzte Jabaliako erasoetan

Hamasek iragarri du bahituta zituen zazpi pertsona hil zirela atzo Israelek Jabaliako errefuxiatuen gunearen kontra egindako erasoetan.

20 palestinar hil dituzte gaur

Gaurkoan ere, bonbardaketek ez dute etenik izan Gazako Zerrendan, eta Israelgo Armadak gutxienez 20 palestinar hil ditu bertan.

Israelgo Armadak berak jakinarazi du "talde terroristen 11.000 helburu militarri" egin diela eraso; "Hamasen egoitza eta eskuadroiak tartean".

Telefonorik eta Internetik gabe

Paltel Palestinako telekomunikazio konpainiak jakinarazi du erasoek Internet eta telefono linearik gabe utzi dutela berriro ere Gazako Zerrenda. "Komunikatzeko bide guztiak eten dizkigute, baita Internet zerbitzuak ere, nazioarteko lineak moztu dizkigute eta", esan du enpresak ohar labur baten bidez.

Bideoak (1)