Israel-Hamas
Israelek ospitale bati eraso dio berriro Gazako iparraldean, eta 13 pertsona hil ditu
Agentziak | EITB MEDIA
Israelek Gazan lan egiteko baimena zuten ehunka langile palestinar kanporatu dituen egun berean gertatu da bonbardaketa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Palestinako agintariek ostiralean jakinarazi dutenez, Israelgo Armadak beste eraso bat egin du Al Shifa Gazako ospitalerik handienaren kontra, Rimal iparraldeko barrutian. Bonbardaketak 13 hildako eta hainbat zauritu utzi ditu.
Palestinako Osasun Ministerioak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, bonbek osasun-zentroaren sarrera jo dute, anbulantziak zeuden lekuan, eta zaurituetako asko egoera "kritikoan" daude, WAFA Palestinako albiste-agentziaren esanetan.
Inguruko zibilen aurkako "beste sarraski bat" salatu du, eta biktimen artean pazienteak, senideak, paramedikuak eta osasun-langileak daudela zehaztu du, baita etxebizitzak galdu ondoren ospitalean babesa bilatzen ari ziren pertsonak ere.
Bombardeo a las puertas del hospital Al Shifa de Ciudad de #Gaza https://t.co/abH8lbuX46
— mikel ayestaran (@mikelayestaran) November 3, 2023
Israelgo Armadak, bere aldetik, esan du informazio horiek aztertzen ari dela. Hala ere, Armadaren bozeramaile Daniel Hagarik berretsi du Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak "modu zinikoan" erabiltzen dituela bertako herritarrak, eta osasun-langile baten eta militar israeldar baten arteko ustezko elkarrizketa baten grabazioa aipatu du, Hamas ospitale horretatik erregaia "lapurtzen" ari dela erakusteko.
Bestalde, Mai al Qila Palestinako Osasun ministroak ohartarazi du "hondamendi humanitarioa" izan daitekeela Al Shifa eta gainerako ospitaleetan energia-sorgailu nagusiak itzaltzea, eta azaldu du bigarren mailako sorgailuek hiru sekzioren funtzionamendua soilik ahalbidetzen dutela ordu batzuetan. Gainera, 35 ospitaleetatik 16k ebakuntzak egiteari utzi diotela zehaztu du, Israelen bonbardaketen eta erregai faltaren ondorioz.
Israelek Gazako ehunka langile kanporatu ditu Zerrendara
Israelen lan-baimena zuten ehunka gazatar kanporatu eta Gazako Zerrendara bidaltzen ari dira, urriaren 7an gerra piztu zenetik Israelgo Armadaren aireko, lurreko eta itsasoko erasoen ondorioz setiatuta dagoen eremura.
EFE albiste-agentziak egiaztatu duenez, gutxienez 700 gazatar itzuli dira Israeldik Kerem Shalom pasabidetik, hegoaldeko muturrean, Egiptotik gertu. Zerrendara bueltatu aurretik, Israelgo agintariek horiek guztiak atxikita izan dituzte gerra hasi zenetik.
Bien bitartean, Zerrendatik suzirien jaurtiketen alerta-sirenak entzun dira eremu horretan, baina oraingoz ez da biktimarik izan.
"Israel Gazarekin kontaktuak eteten ari da. Ez da Gazako langile palestinar gehiago egongo. Gerra piztu zen egunean Israelen zeuden Gazako langileak Gazara itzuliko ditugu", adierazi zuen Israelgo Segurtasun Kabineteak ostegun gauean zabaldutako ohar batean.
EFEk kontsultatuta, Israelgo agintariek ez dute zifrarik eman kanporatuko dituzten gazatarren kopuruari buruz, baina Gazako 18.500 palestinarrek zuten Israelen lan egiteko baimena, COGATen datuen arabera.
Gerra hasi ondoren, horietako asko okupatutako Zisjordaniara joan ziren, eta Israelgo agintariek gutxienez 4.000 pertsona atxilotu zituzten eta galdeketak egin zizkieten Hamasen erasoetan parte hartu ote zuten argitzeko.
Erakunde humanitarioen arabera, milaka gazatar horiek beren baimenak baliogabetuta ikusi zituzten, eta Ofer espetxean (Zisjordania okupatua) edo base militarretan atxikitu zituzten. Hori "mendeku ekintza ilegaltzat" jo zuten.