Hondamendi Naturala
Gutxienez 157 pertsona hil eta 197 zauritu dira lurrikara baten ondorioz, Nepalen
agentziak | eitb media
Oraingoz Jajarkoten, herrialdearen mendebaldean, aurkitu dute hildako gehien, 95. 6,4ko indarra izan du dardarak Richter eskalan.
Gutxienez 157 pertsona hil eta 197 zauritu dira Richter eskalan 6,4ko indarra izan duen lurrikara batek Nepal mendebaldea jota, iturri ofizialetatik jakinarazi dutenez. Krishna Prasad Bhandari Nepalgo Armadaren bozeramaileak esan du erreskate lanak abiatu dituztela, eta hainbat pertsona hil edo zauritzeaz gain, eraikin asko kaltetu direla, eta, ondorioz, litekeena dela hildako gehiago aurkitzea.
Gauerdi aldera izan da lurrikara, 6,4 gradukoa (AEBko Zerbitzu Geologikoaren arabera, 5,6koa), eta Jajarkoten izan du erdigunea, Nepalgo Lurrikaren Zentroaren arabera. Rukum mendebaldeko distrituan ere izan du eragina dardarak. Errepidez iristeko zailak diren bi eremu menditsu dira aipatu bi distrituak, Rukum eta Jajarkot.
"Katmandu eta Nepalgunj hirietatik medikuak eta bilaketako eta erreskateko ofizialak eraman ditugu helikopteroz", zehaztu du Bhandarik, eta hildako gehien, 95, Jajarkoten aurkitu dituztela jakinarazi du.
Nepalen ohikoak izan dira azken urteotan hondamendi naturalak. 2015eko apirilaren 25ean, esaterako, 7,8 graduko lurrikara bat izan zuten, eta 9.000 pertsona hil eta 22.000 zauritu ziren. Gainera, milaka eta milaka pertsona etxebizitzarik gabe geratu ziren, eta egun, 8 urte geroago, oraindik ez dituzte berreraikitzeko lanak amaitu.