Itxi

Gaza, erasopean

Israelek su-etena baztertu du eta "tokiko geldialdi humanitarioak" eta "taktikoak" daudela azpimarratu du

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bidenek "urrats esanguratsutzat" jo ditu etenaldiak, eta erasoak hiru egunez eteteko eskatu du.

Hainbat zibil Israelgo Armadaren erasoetatik ihes egin nahian. Argazkia: EFE

Israelgo Armadak baztertu egin du ostegun honetan Gazako Zerrendan su-etena ezartzea, eta berretsi du "tokiko geldialdi humanitarioak" eta "taktikoak" daudela Palestinako enklabe horretako zibilei laguntza emateko.

"Ez dago su-etenik. Tokiko etenaldi taktikoak (...) denboran eta eremuan mugatuak daude. Era berean, korridore humanitarioak eskaintzen ari gara Gazako zibilak aldi baterako hegoalderantz joan daitezen, laguntza humanitarioa jaso dezaketen eremu seguruagoetara", adierazi dute Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) X sare sozialaren bidez zabaldutako mezu batean.

Hala ere, Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarrak adierazi duenez, agintariek iragarritako etenaldi humanitarioak "akats oso larria" dira, eta "korridore humanitarioa irekita dagoen bitartean borrokan jarraitzea" bultzatu du.

Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak esan du "urrats esanguratsua" dela, eta hiru eguneko etenaldiak edo "epe luzeagokoak" ezartzeko eskatu du.

Gainera, zehaztu du "beharrezkoa den bitartean" mantentzea nahi duela, baina su-etena baztertu du, "Hamasi lagunduko liokeelako" eta "urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoak legitimatzeko balio dezakeelako".