Gaza, erasopean
Al Shifa ospitalea itxi dutela iragarri dute Palestinako agintariek, argindar falta dela eta
agentziak | eitb media
Osasun Ministerioko bozeramaileak zehaztu du ez dela bideragarria zentroan osasun zerbitzua eskaintzea, bereziki bost gaixo (tartean bi jaioberri goiztiar) itzalaldien erruz hil ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Palestinako agintariek iragarri dute itxi egin dutela Al Shifa ospitalea, inguruko erasoengatik eta argindar faltagatik ebakuntzak bertan behera utzi behar izan baitituzte Gazako ospitale handienean.
Gazako Osasun Ministerioaren bozeramaileak baieztatu du itxiera; izan ere, "ez da bideragarria zentroan osasun zerbitzua eskaintzea", bereziki bost gaixo (tartean bi jaioberri goiztiar) itzalaldien erruz hil ostean. Gainera, ehun gorpu baino gehiago omen dituzte ospitalean, lurperatu ezinda.
Bien bitartean, Israelgo Armadaren eta Hamasen arteko borrokak ez dira eten ospitalearen inguruan, Hamasen "kuartel orokorra" bertan baitago, Israelen arabera.
Israelgo agintariek uste dute Hamasek ospitalearen azpian duela kuartel nagusia, eta osasun zentroa eta zibilak "giza ezkutu" gisa erabiltzea leporatu diote.
Hala, bertan dauden herritarrei hegoaldera joateko deia egin diete, "kalteak saihesteko", Israelgo Armada Gaza iparraldea kontrolatzeko ahaleginean ari den bitartean.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, ospitalean 1.500 gaixo inguru eta milatik gora osasun langile daude, eta 20.000 zibiletik gora joan dira bertatik ihesi.