Erresuma Batua
Barne ministro Suella Braverman kargutik kendu du Sunakek, Poliziaren aurka idatzitako artikulu batengatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbatean Palestinaren alde Londresen egin zuten manifestazioa ez debekatzeagatik, Poliziaren kontrako idatzi bat argitaratu zuen Bravermanek "The Times" egunkarian. Manifestari batzuekin Polizia "barkaberagoa" dela esaten zuen artikulu horretan.
Erresuma Batuko Barne ministro Suella Braverman kargutik kendu du lehen ministro Rishi Sunakek. Azkenaldian, hainbat polemikak zipriztindu dute Braverman, eta iragan astetik zalantza zen Gobernuan jarraituko ote zuen ala ez, Poliziak Palestinaren aldeko manifestazioan izandako jarreraz idatzitako artikulu baten ondotik.
Sunakek gaur, astelehenarekin, gauzatu du erabakia, segur aski Gobernuko beste ministerio batzuetan eragina izango duren aldaketa-sorta baten baitan, BBC telebista kateak aipatutako iturrien arabera.
Larunbatean Palestinaren alde Londresen egin zuten manifestazioa ez debekatzeagatik, Poliziaren kontrako idatzi bat argitaratu zuen Bravermanek The Times egunkarian. Manifestari batzuekin Polizia "barkaberagoa" dela esaten zuen artikulu horretan.
Ez da ohikoa Barne Ministerioko kargudun batek Poliziaren aurka egitea. Idatzi horretan, azaldu zuen, halaber, agenteek entzungor egin zietela manifestarien arau-hausteei.
Liz Trussen Gobernuan egon zenean, dimisioa eman zuen Braverman, zenbait segurtasun protokolo bete ez zituela aitortu ostean. Egun gutxira, baina, Sunakek migrazio gaietako ardura eman zion.