Menia
Akordioa itxi dute Gazako Zerrendan su-etena beste bi egunez luzatzeko
Agentziak | EITB Media
Qatarrek, Egiptok eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak berak baieztatu dute beste bi egunez borrokaldiak eteteko akordioa. Orain arte, Israelgo Gobernuak ez du su-etenaren luzapenari buruzko adierazpenik egin.
Qatarreko agintariek astelehen honetan iragarri dutenez, Israelek eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak akordioa itxi dute Gazako Zerrendan su-etena beste bi egunez luzatzeko.
Majed al Ansari Qatarreko Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, "negoziazioaren zati gisa, su-eten humanitarioa beste bi egunez luzatzeko akordioa lortu da" Gazan, X Twitterren bidez zabaldutako mezu baten arabera.
Hamas talde islamistak ere su-etenaren luzapena baieztatu du. "Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak iragarri du Qatarren eta Egiptoren anaiekin adostu dutela aldi baterako su-eten humanitarioa beste bi egunez luzatzea, aurreko su-etenaren baldintza berberetan", jakinarazi du erakundeak Telegram bidez zabaldutako ohar batean.
Orain arte, Israelgo Gobernuak ez du su-etenaren luzapenari buruzko adierazpenik egin. Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak ziurtatu du Armadak "indar gehiagorekin" ekingo diola Gazako erasoaldiari, su-etena amaitzen denean, eta Palestinako lurralde "osoan" jardungo dutela.
Egiptoko Gobernuak --bitartekari ere bada-- bi eguneko luzapena proposatu du, 20 bahitu gehiago askatzearen truke. Egitasmo horiek, gainera, eguneko beste hamar bahitu gehiago askatzea aurreikusten dute, eta Israelek trukean 30 preso palestinar entregatzea onartuko luke. Beraz, hiru presoko bahitu baten proportzioari eutsiko litzaioke, hasiera-hasieratik aldeen arteko akordioak markatu duen proportzioari, alegia.
Eragozpen txiki batzuk alde batera utzita, bi aldeek ituna errespetatu dute orain arte. Izan ere, Gazan gatibu hartutako 58 bahituen eta Israelgo kartzeletan dauden 117 preso palestinarren askapena ekarri dute akordioek.
Astelehen honetan laugarren trukea egitea aurreikusi dute, eta Israelek iragarri du gaur askatuko dituzten bahituen zerrenda bat jaso duela.
Hamasek ostiraletik askatu dituen 58 bahituen artean, akordioaren parte ez diren 19 atzerritar daude.
Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak su-etena asteazkenera arte luzatzeko akordioa ospatu du. NBEko ordezkari nagusiak azpimarratu duenez, "itxaropen eta gizatasun izpi bat da".
Gauzak horrela, Guterresek adierazi du espero duela itun berriak "laguntza humanitarioa are gehiago areagotzea ahalbidetuko duela", nahiz eta jakin "denbora honekin ere ezinezkoa izango dela herritarren behar izugarri guztiak asetzea".
Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak adierazi du su-eten humanitarioa bi egun baino gehiago luzatzeko lan egingo duela.
"Asteburuan egindako ahaleginei esker, Gazako su-eten humanitarioa beste bi egunez luzatuko da. Hamasek beste 20 emakume eta haur askatzeko konpromisoa hartu du", esan du Etxe Zuriak X sare sozialean.