Klimaren Goi-Bilera
2050erako energia nuklearraren mundu mailako gaitasuna hirukoizteko adostasun zabala COP28 goi-bileran
Agentziak | EITB Medoa
"Negutegi efektuko gasen isuri garbia zerora jaisteko, tenperaturaren gorakada 1,5 ºC-ra mugatzeko eta Garapen Iraunkorreko Helburuak betetzeko" egin dute ituna 20 herrialdek baino gehiagok.
Hogei herrialdek baino gehiagok energia nuklearraren mundu mailako gaitasuna hirukoiztea adostu dute Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen 2023ko Konferentzian (COP28).
Ameriketako Estatu Batuak, Bulgaria, Kanada, Txekia, Finlandia, Frantzia, Ghana, Hungaria, Japonia, Hego Korea, Herbehereak, Polonia, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Suedia, Ukraina, Arabiar Emirerri Batuak eta Erresuma Batua daude sinatzaileen artean, eta 2020tik 2050era energia nuklearraren mundu mailako gaitasuna hirukoizteko konpromisoa hartu dute, "kide bakoitzaren berezitasunak kontuan izanda".
Era berean, estatu mailan neurriak hartzekotan geratu dira, "zentral nuklearrak modu arduratsuan eta segurtasun, iraunkortasun, babes eta ez ugaritze arau estandarrak bete ditzaten" eta erregai hondakinak epe luzera modu arduratsuan kudea daitezen.
Sinatzaileek energia nuklearra energia maileguen politiken barruan sartzeko eskatu diete Munduko Bankuari, nazioarteko finantza erakundeei eta tokian tokiko garapen bankuei. Izan ere, aipatu herrialdeen arabera, "energia nuklearra ezinbestekoa da negutegi efektuko gasen isuri garbia zerora jaisteko, tenperaturaren gorakada 1,5 ºC-ra mugatzeko eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak betetzeko".
AEBko Energia Departamentuak eman du itunaren berri, eta itunarekin bat egiteko deia egin die gainerako herrialdeei.