Itxi

GAZA, ERASOPEAN

Hamas: "Ez dugu bahiturik askatuko preso palestinarrekin trukatu ezean"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Israelgo Gobernuak argi utzi du ez duela trukeekin jarraitzeko asmorik. Israelgo agintarien arabera, Hamasek 132 bahitu ditu oraindik gatibu.

Askatutako bi emakume senideak besarkatzen. Argazkia: EFE

Hamas talde islamistak igande honetan berretsi duenez, urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoan bahitu zituen eta Gazako Zerrendan gatibu jarraitzen duten pertsonak ez ditu askatuko, Israelen preso dauden palestinarrekin trukatzea adostu ezean.

"Etsaiaren gatibuetako bat ere ez dugu askatu, eta ez dugu askatuko, truke bat ez badago", adierazi du Abu Obaida Al Qasam Brigadetako bozeramaileak, Hamasen talde armatuak.

Israelgo Gobernuak argi utzi duenez, baina, ez du trukeekin jarraitzeko asmorik. Israelgo agintarien arabera, Hamasek 132 bahitu ditu oraindik gatibu.

Duela egun batzuk aldi baterako su-etena izan zen, presoak eta bahituak trukatzeko, baina oraingoz ez da horrelako gehiago espero.

Bestalde, milaka pertsona atera ziren atzo kalera Tel Aviven, Hamasen esku geratzen diren bahituak aska ditzatela eskatzeko.

Gero eta jende gehiagok kritikatzen du Israelen bertan Netanyahu lehen ministroa, Gazako Zerrendan bonbardaketekin jarraitzeagatik, bahitu israeldarrak bertan daudela jakinda.