Itxi

Krisi klimatikoa

NBEk blokeoak alde batera uzteko eskatu du, COP28an akordioa lortze aldera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Klimaren goi bilerak bere azken bi egunak ditu, eta erregai fosilak murrizteko negoziazioak izango dira nagusi, hori baita gai arantzatsuena.

Stiell, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE

Simon Stiell Klima Aldaketarako Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari exekutiboak "blokeo taktikak" albo batera uzteko eskatu die aldeei COP28 klimaren inguruko goi bileran akordio "esanguratsua" lortze aldera. Hainbat korapilo dituzte askatzeko, besteak beste, isuriak murriztea eta helburu hori lortzeko finantzazio nahikoa bideratzea. 

Kazetarien aurrean egindako hitzaldian, baikorrago mintzatu da Stiell hainbat gairen inguruko ezberdintasunak "askoz txikiagoak" direla aitortuta; ez du, ordea, xehetasunik eman. 

"Bi gai ditugu eztabaidagai: batetik, isuriak gutxitzeko gure anbizioa norainokoa oten den; bestetik, trantsizioa egiteko babes nahikoa emateko prest ote gauden", azaldu du. 

Horren ildoan azpimarratu duenez, bi gaiotan "anbizio handiena" bilatu behar dela, batean murriztuta "biak lortzeko aukerak murrizten direlako". 

"Dena dago mahai gainean", ohartarazi du, eta erantsi herrialdeek 24 ordu dituztela krisialdi klimatikoaren kontrako borrokan "beste atal bati" ekiteko. 

Azken 48 orduak

Goi bilerak azken bi egunak ditu, eta jada ez dago hitzaldirik, mahai ingururik edota hitz asperturik. Negoziazioak dira lege, antolatzaileek behin betiko akordioa lortzeko eztabaidetarako gorde baitituzte azken orduok. 

Hizpideen artean gai arantzatsuena: erregai fosilak apurka-apurka desagerraraztearen erronka. Horretan daude alde handienak 198 herrialdeen artean. 

Europar Batasuna (EB), AEB, garapen bidean dauden herrialde asko eta uharteak diren estatuek adierazpena nahi dute auzi horren inguruan. Txinak, Errusiak, Indiak edo Saudi Arabiak, aldiz, jarrera epelagoa dute. 

Era berean, ekologistek eta sektore pribatuko lobiek (ugariak dira Dubain) presioa gogortuko dute, bakoitzak bere alorrean, akordioan eragin nahian.