Itxi

COP28

Azken adierazpenari buruzko desadostasunak COP28a atzeratu du

EITB MEDIA

Ia 200 herrialdeetako ordezkariak erlojuaren kontra ari dira lanean akordio baten bila. Gaur goizean amaitu behar zuen bilerak, baina azken deklarazioari buruzko adostasunik ez dagoenez, ordu batzuk luzatzen ari da; izan ere, zirriborro berri bat prestatzen ari dira.

Majid Al Suwaidi, COP28ko zuzendari nagusia. Argazkia: EFE

Dubaiko COP28a gaur goizean zen amaitzekoa, baina azken adierazpenaren inguruan dauden desadostasunak direla eta, ordu batzuk luzatzen ari da, zirriborro berri baten zain. Dubaiko COP28an, erlojuaren kontra ari dira lanean ia 200 herrialdeetako ordezkariak, goi bilera salbatuko lukeen akordio baten bila.

Erregai fosilen desagerpena jasotzen ez duen zirriborroak kritika ugari eragin ondoren, oraindik auzi ugari eztabaidagai daudela adierazi du presidentetzak, eta gobernuen esku dagoela akordio historikoa lortzea.

Zirriborro berria agindu du Dubaiko presidentetzak datozen orduetarako, eta onartu du, herrialdeen artean, zatiketa handia dagoela erregai fosilen inguruan; izan ere, atzo mahai gainean jarritako zirriborroak ez zuen espreski jasotzen erregai fosilak, petrolioa, gasa eta ikatza alde batera utzi beharra.

Eta horrek eragin du eztabaida, alegia, erregai fosilen erabilera murriztu edo guztiz desagerraraztea. Bata edo bestea, Klima Aldaketari buruzko Herrialdeen Konferentziaren azken adierazpenean zer aipatuko den, hortxe dago gakoa, eta horren araberakoa izango da, beraz, lorpena ere.

Dubaiko presidentetzak dio, erregai fosilen murrizketaz aipamena jasotzen duen akordioa nahi duela, beti ere, tenperaturaren berotzea gradu t'erdira mugatzeko helburuari eutsita, eta lortuz gero, akordio historikoa litzatekeela.

Ordu honetan, baina, ez dirudi erreza halakorik lortzea. Zirriborro berria ezagutu zai, atzotik mahai gainean jarritakoa onartezina da Europar Batasunarentzat, eta motz geratzen da Estatu Batuentzat eta Kanadarentzat. Aldiz, urrunegi doa petrolio ekoizle diren herrialde arabiarrentzat.

Talde ekologistek, berriz, iraingarritzat jo dute erregai fosilen desagerpena ez jasotzea testuak. Eta alarma piztu dute baita ere, energia nuklearra aipatzen duelako, deskarbonizazioa bideratzeko teknologien artean.

Albisteak (1)