klimaren goi bilera
COP28ko akordioaren giltzarriak: "trantsizioa", karbono neutraltasuna jomugan
E. G. | EITB Media
Dubain egindako klimaren goi bileran adostutako neurri garrantzitsuenak laburbildu ditugu.
Zaila da oso Dubaiko COP28ko klimaren goi bileran adostutako akordioa hitz gutxitan azaltzea. Diplomazia ariketa nabarmena egin dute sinatzaileek, 21 orrialdetan barrena, 200 herrialderen eskakizunak asebetetzen. Negoziatzaileak, ekilibristak bailiran, petrolio herrialde ekoizleen (LPEE, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko herrialdeak, batez ere Saudi Arabia) eta 100 herrialde baino gehiagok "harago" joateko eskeak testu bakarrean bildu dituzte.
Adierazpenak letra txiki asko du, eta asmoak nola finantzatuko diren zehaztasun gutxi ematen ditu.
Honako hauek dira hartutako konpromiso garrantzitsuenak:
1). Halako testu batean lehen aldiz, "erregai fosilak" hitzak ageri dira Balantze Globala deitu duten horretan. Zientzialarien arabera, erregai mota horiek dira klima larrialdiaren erantzule nagusiak. Adierazpenean ikatza, petrolioa eta gasa erabiltzen uzteko "trantsizioa" proposatu dute, azken bi horien inguruko hitzez hitzezko aipamenik ez badago ere. Erregai fosilak atzean uzteko bide hori modu "ordenatuan eta berdinzalean" egin behar dela zehaztu dute, gainera.
2). Parisko Akordioan ezarritako muga ez gainditzeko "berotegi efektuko gasen isuriak modu sakon, arin eta iraunkorrean murriztu behar dira", sinatzaileen ustez. Hartara, berotze globalak ezin du 1,5 graduko langa igaro (industrializazioaren aurreko batez besteko tenperaturarekin alderatuta).
3) Ildo beretik, karbono dioxidoaren isuriak gutxitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. 2030erako (hamarkada hau "kritikoa" dela aitortu dute testuan) % 43 murriztu beharko lirateke, eta % 60 2035erako. 2050ean karbono neutraltasuna dute helburu (zero isuri garbi).
4). Karbono dioxidoa ez diren beste gasen isuriek ere behera egin beharko lukete 2030erako, metanoarenak, adibidez.
5). Datorren hamarkada jomugan, bi helburu ezarri dituzte: energia berriztagarrien ahalmena hirukoiztea, eta eraginkortasun energetikoaren batez besteko tasa bikoiztea.
6). Isuri apaleko edo zero isuriko teknologiak bultzatzeko deia egin dute. Horien artean aipatu dituzte, berriztagarriez gain, energia nuklearra, karbonoa xurgatu eta biltzeko sistemak eta isuri apaleko hidrogenoa ekoiztea, batez ere deskarbonizatzeko zailak diren sektoreetan.
7). Errepideko garraioaren isuriak jaisteko deia ere egin dute, zero isuriko ibilgailuak edo azpiegiturak erabilita.
8). Erregai fosilei "alferrik" emandako laguntzak kentzeko eskatu dute, ez dutelako trantsizio ekologiko berdinzale bat bermatzen.