Protestak Argentinan
Sindikatuek eta gizarte erakundeek manifestazioa egingo dute gaur Mileiren erreformen aurka
Agentziak | EITB Media
Argentinako Gobernuak iragarri du ez dituela 5.000 kontratu publiko inguru berrituko datorren urtean, eta milioi bat plan sozial baino gehiago berrikusiko dituela irregulartasunak antzemateko.
Sindikatuek eta erakunde sozialek manifestazioa egingo dute gaur, asteazkena, Buenos Airesen, Javier Milei ekonomista ultraliberalaren Argentinako Gobernuak iragarritako erreformen aurka protesta egiteko.
Lanaren Konfederazio Nagusiak (CGT), jatorri peronistakoa eta herrialdeko sindikatu nagusiak, martxa bat deitu du asteazken eguerdirako, Mileik herrialdeko ekonomiaren oinarriak erreformatu nahi dituen premiazko dekretua (DNU) indargabetzea eskatzeko.
Dekretu horrek 300 erreforma baino gehiago jasotzen ditu, Gobernuaren arabera, "gizabanakoei askatasuna eta autonomia itzultzeko, Estatua gainetik kentzeko" eta, gainera, "herrialdearen hazkunde ekonomikoa eragotzi, oztopatu eta geldiarazi duten erregulazio kopuru handia desarmatzeko".
Manuel Adorni presidentearen bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, Gobernuak ez ditu 5.000 kontratu publiko inguru berrituko datorren urtean, eta milioi bat plan sozial baino gehiago berrikusiko ditu irregulartasunak antzemateko.
Mobilizazioarekin bat egingo dute abenduaren 20an politika liberalizatzaileen aurkako lehen protesta egin zuten gizarte erakundeek.
Orduko hartan, langileen erakundeek nahiago izan zuten mobilizazioetatik kanpo gelditu. Baina gauean, Milei presidenteak irrati eta telebista kate nazionalean premiazko beharraren dekretuaren edukia ezagutarazi zuen. Orduan, CGTk bere iritzia aldatu zuen eta sindikatuen protestak hasiko zituela iragarri zuen, eta, besteak beste, jakinarazi zuen Justiziaren aurrean helegitea aurkeztuko zuela, DNU baliogabetzeko.
Parlamentuan beharrezko botoak lortzeko erronkaz gain, Mileik eta bere kabineteak premiazko beharraren dekretuaren aurkako salaketa judizialen uholdeari egin behar diote aurre.