Itxi

Adimen artifiziala

'The New York Times'ek Microsoft eta OpenAI salatu ditu bere testuak baimenik gabe erabiltzeagatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Salaketan, GPT-4k (OpenAIren produktuetako bat) sortutako hainbat testuren adibideak jazo ditu egunkariak. Testu horiek ia ezin dira bereizi hedabideak argitaratutako ikerketa batzuetatik.

'The New York Times'en eraikina, New Yorken (AEB). Argazkia: EFE

The New York Times egunkariak salaketa aurkeztu du asteazken honetan Microsoften eta OpenAI adimen artifizialeko enpresaren aurka, bere testuak baimenik gabe IA modeloak entrenatzeko erabiltzeagatik.

"Microsoften Bing Chat (duela gutxi 'Copilot' izendatu dutena) eta Open AIren ChatGPTren bidez, salatuek The Times-ek kazetaritzan egindako inbertsio handiaz baliatu nahi dute, baimenik eta ordainketarik gabe ordezko produktuak eraikitzeko erabiliz", irakur daiteke Manhattango auzitegi batean aurkeztutako salaketan.

Egunkariak ez du ordain ekonomiko zehatzik nahi, baina bai salatuei "milaka milioi dolarren" erantzule egitea kalte-ordainetan, eta The New York Times-en 'copyright'ekin informazioa erabiltzen duten adimen artifizialeko ereduak suntsitzea.

Salaketan, GPT-4k (OpenAIren produktuetako bat) sortutako hainbat testuren adibideak bildu ditu egunkariak. Testu horiek ia ezin dira bereizi hedabideak argitaratutako ikerketa batzuetatik.

Gainera, erakusten dute Microsofteko Bing bilatzaileari eska diezaiokegula Times-eko albisteen parrafo osoak kopiatzea, nahiz eta egunkariak harpidetza eskatu edukiaren zati handi bat irakurtzeko.

ChatGPT bezalako adimen artifizialeko 'chatbots'ek testu-datu kopuru izugarriak erabiltzen dituzte galdera bati erantzunez hitz probableena aurreikusteko, eta horrela giza diskurtsoa zehaztasun harrigarri batez errepikatzea lortzen dute.

Hala ere, askotan, eredua prestatzeko erabiltzen diren testu horiek guztiak, hala nola liburuak edo prentsa-artikuluak, copyrightak babesten ditu, eta gero eta egile eta konpainia gehiagok eskatzen dute bere obra erabiltzearen truke ordaina.

Hilaren hasieran, OpenAIk (Microsoft da haren inbertitzaile nagusia) akordio bat lortu zuen Axel Springer enpresarekin (Politico, Business Insider edo Bild hedabideak argitaratzen ditu), edukia prezio baten truke erabiltzeko.