EUROPAKO MONARKIA
Margrethe II.a Danimarkako erreginak abdikatu, eta Frederik semeari utziko dio kargua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
83 urteko erreginak ezustean iragarri du erabakia telebistaz, Urtezaharreko mezuan. Urtarrilaren 14an utziko du formalki Danimarkako tronua.
Margrethe II.a Danimarkako erreginak, gaur egun monarkia baten buru den emakume bakarrak, abdikatu egingo du eta Frederik semeari utziko dio kargua, telebistan egin ohi duen Urtezaharreko hitzaldian iragarri duenez.
83 urteko erreginak ezustean egin du iragarpena, eta zehaztu du urtarrilaren 14an utziko duela formalki Danimarkako tronua.
52 urtez izan da Margrethe II.a Danimarkako Errege Etxeko zein Danimarkako Estatuburua.
Erreginaren hitzetan, otsailean egin zioten bizkarreko ebakuntza batek etorkizunean pentsarazi zion, eta "erantzukizuna hurrengo belaunaldiari uzteko unea iritsi ez ote zen" pentsatzen hasi zen. "Orain une egokia dela erabaki dut. 2024ko urtarrilaren 14an, nire aita maitea ordeztu eta 52 urtera, Danimarkako erregina izateari utziko diot", esan du.
Margrethe II.a eta Frederik semea, Espainiar errege-erreginarekin. Irudia: Keld Navntoft, Kongehuset