LURRIKARA
Tsunami alerta kendu du Japoniak, baina ebakuatuei etxera ez itzultzeko eskatu die
AGENTZIAK | EITB Media
Gutxienez 30 pertsona hil dira lurrikararen ondorioz. Gainera, lurrikarak kalte material handiak eragin ditu, eraikin batzuk hondoratu dira eta baliteke harrapatuta geratzea eta sute bat izatea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Japoniako Meteorologia Agentziakra jaitsi du tsunami alerta astelehen gauean, 7,6 graduko lurrikara izan eta ordu batzuetara. Lurrikarak herrialdearen mendebaldeko kostaldea astindu du eta gutxienez 30 pertsona hil eta hainbat zauritu dira.
Ishikawako prefekturak tsunami alerta bertan behera utzi du, baina herritarrei arrisku-eremuetan euren etxeetara ez itzultzeko eskatu die, zonaldean lurrikara berriak egoteko arriskua dagoelako, eta, beraz, ebakuazio-gomendioari eusten dio, NHK Japoniako telebista publikoak jakitera eman duenez.
Toshihiro Shimoyama Japoniako Meteorologia Agentziako Lurrikarei buruzko Informazioa Planifikatzeko arduradunak prentsaurrekoa eman du astelehen arratsaldean, kaltetutako zonaldeetan altuera handiko olatu berriak egongo direla ohartarazteko. Hori dela eta, jendea toki garaietan egotea eskatu du.
Era berean, luiziak eta lur-jausiak gertatzeko arriskua dago, eta horrek eraikinak hondoratzea eragin dezake. Hori dela eta, Shimoyamak erne egoteko eskatu die herritarrei.
Baliteke lurrikarak datorren astean errepikatzea, batez ere datozen bizpahiru egunetan. Eta gutxienez 25 erreplika antzeman dira, guztiak jatorrizkoak baino intentsitate txikiagokoak.
Lurrikara, hipozentroa hamar kilometroko sakoneran izan duena, Ishikawako kostaldearen eta ondoko Niigatako prefekturaren inguruan izandako 20 lurrikaren kateko bortitzena izan da.
Lurrikarak kalte material handiak eragin ditu, eraikin batzuk hondoratu dira, eta baliteke jendea harrapatuta egotea.
Ishikawa, Niigata, Fukui, Toyama eta Gifu prefekturetako ospitaleek zaurituak jaso dituzte, gehienak lurrikarak eragindako objektuek jota. Horietako batzuek hausturak dituzte.
Kurobe hiriak lurrikararen kalterik handienak jasan ditu. Gutxienez hamar bat eraikin erori dira, eta gutxienez sei pertsona hondakinen azpian harrapatuta geratu dira, Hayashi Yoshimasa Japoniako Kabineteko idazkari nagusiak, hedabideen aurrean agertu den Gobernuko lehen goi-arduradunak, jakinarazi duenez.
Gainera, suhiltzaileak ere hirian piztutako sute handi bati aurre egiten ari dira, eta Kawaicho auzora zabaltzen ari da, baina orain arte ez dago biktimei buruzko informaziorik, Hondamendien Aurkako Prebentziorako Taleak 'Asahi Shimbun'ek jasotako ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Ishikawako Wajima hiriko suhiltzaileek 50 abisu baino gehiago jaso dituzte etxebizitzak hondoratu direla esanez, eta eraikinetan harrapatuta geratu diren pertsonen abisuei ere erantzun diete.
Japoniako Gobernuak egiaztatu duenez, 30.000 etxe inguru argindarrik gabe geratu dira eskualde osoan, baina inguruko zentral nuklearrek ez dute kalterik izan, Hayashi Yoshimasa Kabineteko idazkari nagusiaren arabera.