Argentina
Mileiren erreforma proiektuak lehen zartada judiziala jasan du
Agentziak | EITB Media
Argentinako Gobernu berriak bultzatutako lan erreforma aldi baterako bertan behera uzteko Auzitegi baten erabakia proiektu erreformistaren lehen estropezu judiziala da. Bestalde, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Gobernuaren ordezkaritzek epemugei buruzko akordio bat bilatuko dute bihar.
Argentinako Gobernuak, Javier Milei ekonomialari ultraliberala buru duela, Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) elkar ulertzea bilatuko du datorren ostiralean Buenos Airesen egingo duen bileran. Hain zuzen ere, asteazken honetan Argentinako Gobernu berriak bultzatutako lan erreforma aldi baterako bertan behera uzteko Auzitegi batek hartutako erabakiaren ostean dator bilera, sindikatuen argudioak aintzat hartuta.
Erabaki horrek Milei presidentearen erreforma proiektuaren lehen estropezu judiziala suposatzen du, eta, eragozpen horretatik libratzeko, Lan Ganberaren erabakiaren aurka apelazioa aurkeztuko duela iragarri du, hots, premiazko dekretuaren (DNU) lan kapitulua bertan behera utzi izanaren aurka.
Hilabete baino gutxiagoan, Argentinako presidenteak dekretu bat onartu du "Argentinako ekonomia berreraikitzeko", eta lege proiektu bat bidali dio Parlamentuari, "ordena ekonomikoa eta soziala lehengoratzeko espirituarekin", 1853ko Konstituzioan islatutako "doktrina liberalean oinarrituta".
Epemugei buruzko akordioa
Bestalde, ostiral honetan Nazioarteko Diru Funtsarekin egitekoa den bileran, asmoa da erorita dagoen akordioa altxatzea eta epemugei aburuzko ituna lortzea, bileraren bezperan EFEri iturri ofizialek adierazi diotenez. Mileiren Gobernuaren eta finantza erakunde multilateralaren ordezkariek izango duten lehen bilera zuzena da.
Argentinako Gobernuaren helburua bi aldeen arteko akordioa berriro negoziatzea da, 46.000 milioi dolarreko zorra ordaintzeko.
Buenos Airesek aurtengo lehen epemugak atzeratuko dituela espero du, urtarrilaren 9an beteko baitira. 1.300 milioi dolarrekoak dira guztira, eta hilaren 16an, 650 milioi dolar igoko dira.
Nazioarteko erakundeak aurreikusitako neurrietako bat Argentinak ordainketak bateratzea da. Oraingoz, NDFk Argentinako Gobernu berriaren neurriak babestu ditu, zerga-doikuntza, gastu publikoaren murrizketa eta diru-jaulkipenaren balazta direla eta.