Itxi

Iran

Iranek erabakiko du atentatuagatik "noiz eta non hartuko duten mendekua", Irango buruzagi gorenaren arabera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

"Irango Indar Armatuek zehaztuko dute noiz eta non hartuko duten mendekua", esan du Ali Khameneik. Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atzo erasoa.

Atentatua Iranen. Argazkia: EFE

Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak ostiral honetan ziurtatu duenez, Irango Indar Armatuek zehaztuko dute Estatu Islamikoak bere gain hartutako atentatu terroristaren aurrean "noiz eta non hartuko duten mendekua". Hain zuzen ere, 85 pertsona hil ziren asteazkenean, Kerman hirian izandako atentatuan.

"Irango Indar Armatuek zehaztuko dute noiz eta non hartuko duten mendekua", azpimarratu du Irango buruzagiak biktimen hiletan eskaini duen hitzaldian. "Gure etsaiek dagoeneko ikusi eta sumatu dute Iranen boterearen erantzuna", gaineratu du.

Halaber, Hussein Salami Guardia Iraultzailearen komandanteak adierazi duenez, Iranek "mendekua hartuko du etsaien eraso terroristengatik". Horren hitzetan, Estatu Islamikoak "ez du munduko ezein eremuren kontrola", eta "AEBren zein sionisten ahaldun gisa" baino ezin du jardun.

Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atzo Iran hegoaldeko Kerman herrian Qasem Soleimani komandante irandarraren hilketaren laugarren urteurrenean gutxienez 85 hildako utzi zituen eraso "suizida" bikoitza.

Telegrameko kanalen bidez zabaldutako ohar baten bidez Estatu Islamikoak eman dituen azalpenen arabera, bi militante "jendetzan" murgildu ziren Kermanen, Soleimaniren hilobitik gertu, eta "zartarazi" egin zituzten aldean zeramatzen "gerriko lehergarriak". 84 pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu zituzten, Irango agintarien esanetan.

Albisteak (2)