Itxi

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Hiru pertsona atxilotu dituzte Floridan, duela hiru urte Kapitolioko erasoan parte hartzea egotzita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Orain arte, 1.200 pertsona baino gehiago inputatu dituzte Kapitolioaren aurkako erasoarekin lotuta. Egun hartan, Joe Bidenen garaipena baieztatu zuen saioa geldiarazten saiatu ziren.

Duela hiru urte (2021ean) Kapitoliora egindako erasoa. Artxiboko argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) agintariek hiru pertsona atxilotu dituzte Groveland hirian (Florida) larunbat honetan, duela hiru urte Kapitolioan egindako erasoan parte hartzea egotzita, FBIk jakitera eman duenez.

"FBIk hiru pertsona atxilotu ditu gaur goizean Grovelanden, Lake konderrian, Floridan", adierazi du erakundeak X sare sozialean idatzitako mezu batean.

Astelehenean eramango dituzte atxilotuak epailearen aurrera, Ocala hirian (Florida). FBIk ez du atxilotuei inputatzen zaienaren berri eman, baina horien izen-abizenak eman ditu: Jonathan Daniel Pollock, Olivia Michele Pollock eta Joseph Daniel Hutchinson. "Momentuz ez dugu haien atxiloketari buruzko xehetasun gehiago emango", gaineratu du FBIk.

Jonathan Pollockek 2021eko udan egin zuen ihes. 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurkako erasoan segurtasun-hesia gainditzen laguntzea eta hainbat agenteri erasotzea leporatzen diote. Antza denez, gizonak agente bat eskaileretatik bultzatu zuen, beste bati ukabilkada eman zion aurpegian eta hirugarren bati babesteko ezkutua lapurtu zion.

Beste atxilotuek iaz egin zuten ihes, udan, epaiketara aurkeztu beharrean.

Orain arte, 1.200 pertsona baino gehiago inputatu dituzte Kapitolioaren aurkako erasoarekin lotuta. Egun hartan, Joe Bidenen garaipena baieztatu zuen saioa geldiarazten saiatu ziren Donald Trump AEBko presidente ohiaren jarraitzaileak.

Albisteak (1)