Gaza, erasopean
MSFk Al Aqsa Gaza erdialdean martxan dagoen ospitale bakarreko langileak ebakuatuko dituela iragarri du
Agentziak | EITB Media
Gobernuz kanpoko erakundeak berretsi du Israelek "betebeharra" duela, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak agintzen duenez, ospitaleetako "pazienteak eta langileak babesteko". Azken egunotan Al Aqsa ospitalean eta inguruetan eraso etengabeak izan direla salatu du.
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak larunbat honetan iragarri duenez, Gazako Zerrendaren erdigunean dagoen Al Aqsa ospitaleko langileak ebakuatuko dituzte, "hainbat egunetan artilleriarekin izan diren borroken ostean" eta Israelgo Armadak ebakuazio-agindua eman ondoren.
"Gazako erdialdean hainbat egunetan artilleriarekin izan diren borroken ostean, eta Israelgo indarrek Al Aqsa ospitalearen inguruko auzoak ebakuatzeko agindua eman ondoren, MSFk erabaki zaila hartu du, eta bertako langileak eta haien familiak handik atera beharko ditu", adierazi du.
MSFk ospitale horretan duen larrialdietarako koordinatzaile Carolina Lopezen esanetan, "zoritxarrez, ebakuatu egin behar da, baina pazienteek, ospitaleko langileek eta segurtasun bila dabiltzan pertsona askok ospitaleko instalazioetan jarraitzen dute".
"Egoera oso arriskutsua da, eta inguru horretan bizi diren langileek ezin dute etxetik atera ere egin, droneen eta frankotiratzaileen mehatxua etengabea baita", azaldu du, eta salatu duenez, "pazientearen arretan eragina izan du langileen murrizketa horrek".
"Berriz diogu Israelek betebehar bat duela, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betez, Gazako erdialdean martxan jarraitzen duen ospitale bakarrean dauden pazienteak eta langileak babesteko", nabarmendu du. Zentroa Deir al-Bala hirian dago.
MSFk adierazi duenez, ostiralean, tiro batek zainketa intentsiboetako unitateko horma bat jo zuen, eta azken egunetan, drone bidezko erasoak izan dira "ospitaletik ehun bat metrora".
"Inor ez dago seguru, eta Gazan ez dago leku segururik. MSFk su-eten iraunkorra eskatzen jarraitzen du, ez dadin inor gehiago hil edo zauritu", esan du gobernuz kanpoko erakundeak X sare sozialean argitaratutako ohar baten bidez.
Israelgo Armadak Gazaren aurkako erasoaldia abiatu zuen 1.200 hildako eta 240 bahitu inguru utzi zituzten Hamasen erasoen ostean, agintari israeldarrek argitaratutako balantzeen arabera. Ordutik, Israelek 22.700 palestinar baino gehiago hil ditu, horietako 10.000 haurrak, agintari gazatarrek emandako datuen arabera.