Wikileaks
Britainia Handia eta Ekuador borrokan, Assangeren estradizioa dela eta
Erredakzioa
Ekuadorreko Gobernuak salatu duenez, herrialde hegoamerikarraren enbaxadan sartu eta Assange atxilotzeko mehatxua egin dio gobernu britainiarrak.
Britainia Handiak dio Julian Assange Wikileaksen fundatzailea Suediara estraditatzeko "betebeharra" duela, han leporatzen dizkioten sexu-gehiegikeriarekin lotutako delituak epaitzeko.
"Ekuadorri gure jarrera zein den azaldu diogu behin eta berriz: Britainia Handiak Assange jauna Suediara estraditatzeko betebeharra du eta hori betetzeko prest gaude", adierazi du Atzerri Gaietarako Ministerioko bozeramaile batek.
Ricardo Partiño Ekuadorreko Atzerri Gaietarako ministroak salatu zuen Britainia Handiak Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan sartu eta Assange atxilotzeko asmoa zuela.
Britainia Handia 1987ko lege batean oinarritzen da Ekuadorren enbaxadan sartu ahal izateko, baina lege hori estatu mailakoa da, eta ez du lehentasunik Britainia Handiak sinatutako nazioarteko arauekin.
Izan ere, Patiñok azaldu duenez, Britainia Handiko agintariek mehatxua gauzatzen badute, Vienako Ituna eta Nazio Batuen Gutunak urratuko dituzte, izan ere, diplomaziarekin lotutako lokaletan sartzeko debekua ezartzen dute itun horiek; beraz, ezin da enbaxadetan sartu Estatu horren baimenik gabe.
Hori dela eta, Ekuadorrek ohartarazi du bere "subiranotasunaren kontrako atentatu gisa" hartuko lukeela Britainia Handia Ekuadorren enbaxadan sartzea, eta "erantzun diplomatiko sendoa" emango duela hori gertatuz gero.
Horren aurrean, Britainia Handiak esan du oraindik posible dela "adostutako irtenbidea" lortzea.
Gaur goizeko zazpietan (hemengo 14:00etan) iragarriko du Ekuadorreko Gobernuak zer erantzungo dion Wikileaksen fundatzaileak egindako asilo eskaerari.
Ekuadorren enbaxadan ekainaren 19tik
Assange Ekuadorren enbaxadan dago, Londresen, ekainaren 19tik. Asilo politikoa eskatu zion Hego-amerikako herrialdeari "babesik gabe" dagoelakoan.
Wikileaksen fundatzaileak dio AEBen "jazarpen politikoaren" biktima dela, Irakeko eta Afganistango gerretako txosten sekretuak zabaltzeagatik.