Gaza erasopean
Genozidioaren salaketa errealitatearen "distortsio traketsa" dela defendatu du Israelek Hagan
Agentziak | EITB Media
Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidearen aurkako eraso inplizitutzat jo dute salaketa: "Gazako operazio militarra bertan behera uztea agintzeko eskatzean, eskatzaileak Israelek bere burua defendatzeko duen berezko eskubidea zapuztu nahi du, eta Israel babesik gabe utzi", esan dute.
Nazioarteko Justizia Gorteari Gazako gerraren errealitatearen "irudi faktiko eta juridiko erabat desitxuratua" aurkeztea leporatu dio ostiral honetan Israelek Hegoafrikari.
Tal Becker Israelgo Atzerri Ministerioko lege-aholkulariak, Nazioarteko Justizia Gortean, Hagan, azpimarratu duenez, Hegoafrikak aurkeztutako salaketa "bere osotasunean", "egungo liskarren deskribapen manipulatzaile, testuingururik gabe eta intentzionalki laburbildu" batean oinarritzen dela ziurtatu du.
Beckerrek ohartarazi duenez, "ekintza genozidarik izan bada, horiek Israelen aurka egin direnak izan dira". Baieztapen horrekin batera aretorari erakutsi dizkio Hamasek hartutako 200 bahituen argazkiak eta erasoaren irudiak. Urriaren 7koa, "Holokaustotik, egun bakar batean judutarren aurka egindako hilketa handiena" dela nabarmendu du.
Gainera, azpimarratu du Hamasek "bere izugarrikeriak" grabatu eta sareetan zabaldu dituela, Israeli egindako erasoak "harrotasunez" erakutsiz.
"Ekintza honek, sadikoa eta sistematikoa izanik ere, ez du Israel legea errespetatzetik salabuesten, bere herritarrak bere lurraldean defendatzen dituen bitartean. Hori eztabaidaezina da", nabarmendu du agente israeldarrak, Hegoafrikako legelariei begira, baina, ziurtatu du, Israelek "eskubide osoa" duela, "bere herritarrak defendatzeko eta bahituak askatzea bermatzeko legezko neurri guztiak hartzeko".
Hegoafrikak eskatutako behin-behineko neurriak, tartean Israelen operazio militarra bertan behera uztea, "Israeli bere herritarrak, bahituak eta Hamasen urriaren 7ko erasoetatik euren etxeetara modu seguruan itzuli ezin duten 100.000 pertsonak defendatzeko gaitasuna ukatzen saiatzea da". Halaber, azpimarratu duenez, "Auzitegiari Gazako operazio militarra bertan behera uztea agintzeko eskatzean, eskatzaileak Israelek bere burua defendatzeko duen berezko eskubidea zapuztu nahi du, eta Israel babesik gabe uztea", ziurtatu du.
Israelen arabera, Hegoafrikak aurkeztutako salaketaren "ondorio zentzugabea" da, Israel geldiarazi nahi izatea, zer eta "helburu genozidak dituen erakunde baten aurka zibilak defendatzeko ahaleginetan", gaineratu du.
Aholkulari israeldarrak esan duenez, Hegoafrikaren akusazioak ez du genozidio-delituaren oinarri funtsezkoena betetzen, hau da, "herri bat zati batean edo osorik suntsitzeko asmoa", eta azpimarratu du Gazako kanpainaren arrazoi nagusia "Israelgo herria etsai gupidagabe batetik babestea" dela.
Antzera aritu da Malcolm Shaw abokatua ere, Leicesterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Nazioarteko Zuzenbidean aditua. Hark adierazi duenez ez dago genozidioa leporatzeko frogarik. Halaber, azaldu du genozidioaren delitua "bereziki maltzurra den delitua dela, gaizkiaren gailurra, krimenetan latzena".
Hori dela eta Shawk dei egin du kontuan hartzeko delitu horren ezaugarri berezi eta salbuespenezkoak, eta Gazan gertatzen ari dena bere neurrian baloratzeko; izan ere, bere hitzetan, "genozidio-salaketak ohiko bihurtzen badira, krimen horren funtsa galdu egingo litzateke azkenean".
Tribunalak Hegoafrikak eskatutako neurriei buruzko erabakia hilaren amaierarako hartzea aurreikusten da. Nazioarteko Justizia Gortearen erabakiak irmoak dira eta ez dago errekurtsorako aukerarik, baina auzitegiak ez du horiek betearazteko modurik.