Erasoa
9 lagun hil ditu Pakistanek Irango lurretan, "erreboltari balutxeen" aurkako bonbardaketa batean
Agencias | EITB Media
Duela bi egun Iranek egin zuen erasoa Pakistango lurretan, Jaish al-Adl taldeak han dituen posizioen aurka eta Islamabadek ondorioak iragarri zituen. Hildako bederatzi pertsonetako lau haurrak dira.
Itsaso Gorrian bizi den tentsioari beste faktore bat gehitu zaio. Pakistango armadak bonba-eraso bat egin du goizaldean Iranen eta gutxienez 9 pertsona hil ditu, tartean hainbat haur. "Balutxistango erreboltarien" aurka egindako erasoa izan dela esan du Gobernuak. Duela bi egun, Iranek egin zuen erasoa Pakistango lurretan. Orduan "Jaish al-Ad talde terroristaren" posizioei eraso egin ziela adierazi zuen Teheranek eta Pakistanek ondorioak izango zirela iragarri zuen.
Ahmad Vahidi Irango Barne ministroak adierazi duenez, Pakistanek egin duen erasoa Saravan hirian gertatu da, Sistan eta Balutxistan probintzian, mugatik kilometro gutxira. Bere hitzetan, "lau haur, hiru emakume eta bi gizon hil dituzte". Probintzia horretako gobernadore-ordeak hildako helduak atzerritarrak direla gaineratu du.
Bestetik, Pakistango Atzerri Ministerioak ohar bidez jakinarazi du "hainbat terrorista" hil dituztela bonbardaketetan. Balutxistango "matxinatuen ezkutalekuak" erasotu dituztela azaldu du, zehazki, Balutxeak Askatzeko Armadak (BLA) eta Balutxistan Askatzeko Fronteak (BLF) Irango Sistan eta Balutxistan probintzian dituzten azpiegiturak. Halaber, gaineratu du erasoak Iranen "ekintza faltagatik" egin dituztela.
Hala ere, komunikatu horretan bertan "Pakistanek Irango Errepublika Islamikoaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatzen" dituela azpimarratu du, eta "errespetatzen eta miresten" duen "herrialde anaiatzat" jo du.
Eraso hau Iranek Pakistanen duela bi egun egin zuen beste baten ondoren etorri da. Orduan, Jaish al-Adl talde sunitaren ustezko bi base erasotu zituen Irango Guardia Iraultzaileak misilen eta dronen bidez.
Islamabadek gogor hitz egin zuen orduan Iranen aurka. Hildakoen artean bi haur zeudela jakinarazi zuen eta "ondorio larriak" izango zirela ohartarazi zuen. Horrez gainera, Pakistango Gobernuak Teheranen zuen enbaxadorea kontsultetara deitu zuen, eta ondoko herrialdearekiko goi mailako bisita guztiak bertan behera utziko zituela iragarri zuen.
Txinak bi herri hauen arteko tentsioa baretzeko nahia erakutsi du eta prest agertu da bitartekari lanak egiteko.
Jaish al-Adl taldea Irango gobernu xiitaren aurkako talde sunita bat da. Teheranek bere lurraldean izandako hainbat atentaturen erantzule egiten du eta talde terroristatzat jotzen du.
Balutxistanen, bestetik, gatazka armatua bizi dute Pakistango gobernuarekin XX. mendearen erdialdetik, Pakistan sortu zen garaitik. Azkenaldian, gatazka ondoko Sistan eta Balutxistan probintziara (Iran) ere hedatu da.