Itxi

NATO

Suedia NATOn sartzea berretsi du Turkiak, hainbat hilabetez prozesua blokeatuta izan ondoren

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Orain, Hungariak erabakiari argi berdea ematea falta da. Behin hori lortuta, Stockholm Aliantza Atlantikoaren 32. kide bihurtuko litzateke.

Turkiako Parlamentua, atzo. Argazkia: EFE

Suedia Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean (NATO, ingelesez) sartzea berretsi zuen atzo Turkiako Parlamentuak, prozesu hori hainbat hilabetez blokeatuta izan eta gero. Bozketan, 287 parlamentariok alde bozkatu zuten, 55ek aurka, 4 abstenitu egin ziren eta gainerako guztiak (600 parlamentario dira guztira) ez ziren bozketara joan.

Siriako kurduen miliziak (YPG) babestea egotzi izan die Turkiak Suediari zein Finlandiari, eta horregatik egon da prozesua ez atzera ez aurrera. Atzoko saioan, AKT (2002tik agintean dagoen alderdi islamiarra) eta CHP talde sozialdemokrata Suedia Aliantza Atlantikora batzearen alde agertu ziren. Kontrako iritzia agertu zuten, berriz, Saadet, TIP eta Hüda-Par alderdiek.

Azken hilabeteotan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak aditzera eman zuen AEBk Turkiari F-16 motako ehiza-hegazkinak saltzeak zerikusia izan duela atzo hartutako erabakian.

Orain, Hungariak erabakiari argi berdea ematea falta da. Behin hori lortuta, Stockholm Aliantza Atlantikoaren 32. kide bihurtuko litzateke. Ikusteko badago ere Viktor Orbanek zuzentzen duen Gobernuak zer erabakiko duen, joan den urtean adierazi zuen ez zuela Suedia NATOn sartzea eragotziko, Turkia ados egonez gero.

Albistea jakin orduko, Suedia pozik agertu da, eta txalotu egin du Turkiako Parlamentuaren erabakia: "NATOko kide bihurtzetik oso gertu gaude. Albiste ona da Turkiako Parlamentuak Suedia NATOn sartzea ontzat ematea", esan du Ed Kristersson Suediako lehen ministroak X sare-sozialean.