GAZA, ERASOPEAN
Israelgo Armadak erasoak egiten jarraitzen du Gaza hegoaldean
agentziak | eitb media
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Naser eta Al Amal ospitaleetan "elikagairik eta segurtasunik gabe" daude, eta ez dute anestesiarako produkturik eta analgesikorik.
Israelgo Armadak Gazan erasoak egiten jarraitzen du, eta palestinarren artean biktima zibilen kopurua ugaritzen, azken orduetan Zerrendaren hegoaldean egindako erasoen ostean.
Gerra hasi zenetik 113. eguna bete denean izan da, eta hildako palestinarren kopurua 26.000tik gora kokatu denean. Hildako gehienak haurrak eta emakumeak dira, eta zaurituak, 65.000 inguru.
Israelgo Armadak atzo jakinarazi zuen "operazio zehatzak" egiten ari dela Khan Yuniseko ospitaleetan, tartean Naserren eta Al Amalen, Hamaseko milizianoak barrutik jarduten ari direla argudiatuta.
Gazako Osasun Ministerioak salatu duenez, "Israel Khan Yuniseko ospitaleak erasotzen ari da, guztiz geldiarazi ditu, genozidio krimenak eraginez eta anbulantzien joan-etorria galaraziz".
Horren arabera, Naser eta Al Amal ospitaleetan "elikagairik eta segurtasunik gabe" daude, eta ez dute anestesiarako produkturik eta analgesikorik.
Nazio Batuen Erakundeko OCHA agentziaren esanetan, Naser ospitalean 18.000 lekualdatu daude, Israelgo Armadak inguratuta du, borrokaldien erdian, eta ezin du ez gaixorik ez hornidurarik jaso.
Gazako 1,92 milioi herritarrek (biztanle guztien % 85ek) utzi behar izan dute etxea, eta aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa bizitzen ari dira.
Euri eta izotz giroarekin, milaka familia, haurrak eta adinekoak tartean, plastikozko karpetan bizi dira, epidemia agerraldien eta ospitaleen muturreko egoeraren erdian, eta ur, elikagai, sendagai eta argindar hornidura eskasarekin.
Egoera horrek okerrera egin dezake giza laguntza banatzen duen UNRWA NBEren agentziak herrialde batzuen finantzazioa galduz gero, Israelek hala eskatuta zenbait estatuk iragarri dutenez.
NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazan genozidioa "saihesteko" ahalik eta neurri gehien hartzeko agindu zion atzo Israeli, baina ez zion eskatu erasoaldia eteteko. Halaber, laguntza humanitarioa Gazara iristea ahalbidetzeko neurri "eraginkorrak" eta "berehalakoak" hartzeko ere eskatu zion.