EKIALDE HURBILA
Hiru soldadu estatubatuar hil eta gutxienez 25 zauritu dituzte Jordanian droneekin egindako eraso batean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Etxe Zuriak ohar batean adierazi duenez, Siriak eta Irakek babestutako talde militar erradikalek egin dute erasoa, eta "neurriko erantzuna" iragarri dute. Jordaniak zehaztu du ekintza bere mugetatik kanpo izan dela.
Joe Biden AEBko presidenteak igande honetan jakitera eman duenez, hiru soldadu estatubatuar hil dira Jordaniako ipar-ekialdean, Siriako mugatik gertu, droneekin egindako eraso batean.
"Oraindik eraso honen datuak biltzen ari bagara ere, badakigu Sirian eta Iraken jarduten duten talde erradikalek egin dutela", azaldu du agintariak ohar batean.
Gauean gertatu den erasoaren ondorioz, gutxienez 25 pertsona zauritu dira AEBko base militar horretan, AEBko Armadaren Komando Zentralaren arabera.
AEBko Gobernuko funtzionario batek CNN kateari adierazi dionez, antza denez, dronea Siriatik bidali dute, eta ibilbide bakarrekoa zen.
Urriaren 7an Gazako Zerrendako gatazka piztu zenetik hil dituzten lehen soldatu estatubatuarrak dira, eta ikusteko dago nola eragin dion eraso honek horren hauskorra den Ekialde Hurbileko egoerari.
Bidenek iragarri du Estatu Batuek "neurriko erantzuna" emango diotela eraso horri.
Lindsey Graham eta John Cornyn senatari errepublikanoek, berriz, "Teherani eraso" egiteko eskatu dute berehala.
Bestalde, Jordaniako Gobernuak zehaztu du erasoa bere "mugetatik kanpo" gertatu dela.