HAUTESKUNDEAK FINLANDIAN
Stubb kontserbadorea eta Haavisto ekologista lehiatuko dira bigarren itzulian, Finlandiako presidente izateko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Otsailaren 11n egingo da azken bozketa. Bietako batek Sauli Niinisto egungo presidentea ordezkatuko du.
Alexander Stubb Finlandiako lehen ministro ohi kontserbadorea eta Pekka Haavisto Atzerri ministro ohi eta buruzagi ekologista aurrez aurre izango dira otsailaren 11ko hauteskundeen bigarren itzulian, igandeko hauteskundeetan hautagai bozkatuenak izan ostean.
Hain zuzen ere, Stubb Koalizio Nazionalaren Alderdiko buruak botoen % 27,1 lortu ditu, eta Haavisto hautagai independenteak botoen % 25,8, Finlandiako Justizia Ministerioaren datu ofizialen arabera, botoen %99,3 kontatuta zegoenean.
Horien atzetik geratu dira Jussi Halla-aho ultranazionalista (botoen % 19) eta Olli Rehn independentea ( % 15,4). Beste inongo hautagaik ez du botoen % 5eko langa gainditu.
Nabarmentzekoa da boto aurreratuan % 44,5eko parte-hartze errekorra izan dela. Hauteskundeetako garaileak Sauli Niinisto presidentea ordezkatuko du martxoaren 1ean. Niinisto ez da aurkeztu hauteskunde hauetara, agortu baitu Konstituzioko agintaldien kopurua.
Finlandiako presidentea, kanpo eta segurtasun politikak zuzentzeaz arduratzen dena, Finlandiako Defentsa Indarren komandante buru ere bada. Hala, Europa ekialdeko gerraren testuinguruan, estatuburu berriak egoera ezohiko bati aurre egin beharko dio.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, Finlandiak Aliantza Atlantikoari atxikitzeko bideari ekin zion, nazioarteko neutraltasun historikoa alde batera utziz. Apirilean NATOko 31. kide bihurtu zen.