Mobilizazioak Frantzian
Laborariek Paris inguruko autobideak blokeatzen jarraitzen dute, Rungisko azokari "setioa" ezartzea helburu
EITB MEDIA
Ostegunera arte behintzat protestan jarraituko dutela hitzeman dute. Tentsioa baretu nahian, Macronek iragarri du Ukrainako zereal eta hegaztien inportazioak mugatzea eskatu duela Bruselan, eta Attalek agindu du Frantziako nekazaritza defendatzen jarraituko duela.
10. egunez jarraian, protestan dira Frantziako laborariak. Soldata altuagoak, zerga gutxiago eta izapide administratiboak arintzea eskatzen dute, besteak beste. Azken bi egunotan Paris hiriburuko sarbideko errepideak blokeatzen dihardute, baina atzo ez bezala, gaur jendarmeak topatu dituzte bidean aurrera egitea oztopatuta.
Nekazariek Rungisko nazioarteko azoka blokeatu nahi dute. Hiriburutik 10 kilometro eskasera dago, eta Frantziako handiena da. Polizia dispositibo zabala prestatu du Frantziako Gobernuak, eta 15.000 agente inguru daude errepideak zaintzen. Gerald Darmanin Barne ministroak ohartarazi duenez, ez diete hiriburura, Rungisera edo aireportuetara sartzen utziko.
Laborariek, baina, lehenengo lepotik dute burua eta presionatzen jarraituko dutela iragarri dute, ostegunera arte bai behintzat. Orduan da egitekoa Europar Batasuneko goi bilera, eta Mercosurrekin ituna ixteko negoziazioetan dago Europako Batzordea.
Hain justu, Emmanuel Macronek akordioa ez sinatzea eskatu du, "lehia desleiala" saihesteko. Frantziako presidenteak Suedatik agindu du neurri zehatzak eskatuko dituela etziko bilera. Besteak beste, Ukrainako zereal eta hegaztien inportazioak mugatzea.
Parlamentuan, Gabriel Attal lehen ministroak Frantziako nekazaritzaren defentsa irmoa egin du. "Nekazaritzak indarra eta harrotasuna ematen digu. Frantziako nekazaritza ikurra da, eta hala izaten jarraitu beharko du", adierazi du.
Martxoaren 15erako Europako dirulaguntzak ordainduko direla ere agindu du Attalek.
Lehen ministroa bihar, asteazkenarekin, bilduko da berriro laborarien sindikatuekin.