Gerra Gazan
UNRWA agentziak ohartarazi du otsailaren amaieran jarduerak etengo dituela dirurik jasotzen ez badu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Palestinako errefuxiatuentzako NBEren agentziaren arduradunak azpimarratu duenez, "zaila da imajinatzea gazatarrek krisiari aurre egin diezaioketenik UNRWAren laguntzarik gabe".
Errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak (UNRWA) jarduera humanitarioak otsailaren amaierarako etetea aurreikusten du, baldin eta funtsen bidalketa izoztu duten herrialdeek laguntza ez emateko erabakiak bertan behera uzten ez badituzte. Izan ere, 16 gobernuk lankidetza bertan behera utzi dute, Hamasen urriaren 7ko atentatuetan ustez agentzia horretako langileek parte hartu zutelako.
"Funtsak etenda jarraitzen badute, litekeena da otsailaren amaieran gure operazioak bertan behera uztera behartuta egotea, ez bakarrik Gazan, baita eskualde osoan ere", ohartarazi du Philippe Lazzarini UNRWAko komisionatu nagusiak, Zisjordania, Jordania, Libano eta Siriara ere zabaltzen diren jarduerei erreferentzia eginez.
Gazaren kasuan, UNRWA da erakunde humanitario handiena. Gatazka piztu aurretik, 13.000 langile zituen, eta horietatik 3.000 lanean jarraitzen dute. Thomas White agentziak Palestinan duen arduradunak azpimarratu duenez, "zaila da imajinatzea gazatarrek krisiari aurre egin diezaioketenik UNRWAren laguntzarik gabe".
Gazako gerrak ez du etenik, eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak "laguntza humanitario gehiago" eskatu du bertatik bertara. Lazzarinik berretsi du UNRWAren papera "indartzea eta ez ahultzea" tokatzen dela.
Palestinarrek Jan Yunis setiatutik ihes egin dute
Gutxienez 184.000 pertsonak utzi dute Jan Yunis herria, Gazako hegoaldean, borroka gogorren eta ebakuazio-aginduen ondorioz, UNRWAren arabera.
27.000 gazatar baino gehiago hil dira Gazan Israelen eta Hamasen arteko 118 eguneko gerran, eta, gainera, hondakinen azpian ia 8.000 gorpu daudela kalkulatu dute, Zerrendako Osasun Ministerioak ostegun honetan esan duenez.
Ministerioak 27.019 hildako eta 66.139 zauritu erregistratu ditu urriaren 7tik gaur arte. Azken 24 orduetan 118 hildako eta 190 zauritu zenbatu dituzte.