Laborarien protesta Bruselan
EB, nekazarien izapide administratiboak gutxitzeko prest traktoreekin egindako protestaren ostean
Agentziak | EITB MEDIA
Laborariek Bruselan egindako indar erakustaldiaren ondoren, sektorearen egoera aztertu du Europako Batzordeak, berez 27en batzarraren gai-zerrendan ez zegoen arren.
Nekazariek egin beharreko izapide administratiboak murrizteko proposamena egingo du Europako Batzordeak (EB), Ursula von der Leyen erakundeko presidenteak gaur iragarri duenez.
Laborarien aldarrikapen nagusietako bat da hori, eta Bruselan gaur egin duten indar erakustaldiaren ondotik, aintzat hartzea erabaki du Europako gobernuak. 1.300 traktore bildu dira goizean Europako Parlamentuaren sarreran eta Kontseiluaren inguruan, eta erabat blokeatu dute hiria.
"Ulergarriak zaizkit nekazariek izapide administratiboak murrizteko eskaerak", esan du Von der Leyenek goi-bilera amaituta egin duen agerraldian.
Azaldu duenez, Batzordeak Belgikarekin (Kontseiluko Presidentetza du) egingo du lan datorren bilera baino lehen proposamen zehatz bat prestatzeko.
Laborarien auzia ez zegoen goi-bileraren gai-ordean, baina protesten eraginez, hizpidera ekarri dute gaia. Hala, goi-bileraren ondotik, Von der Leyenek bilera izan du Europako nekazarien elkarte nagusiekin, Alexander De Croo eta Marc Rutte Belgikako eta Herbehereetako lehen ministroekin.