Itxi

EKIALDE HURBILA

AEBk Irak eta Siria bonbardatu ditu Jordanian jasotako erasoari erantzunez

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Irakeko Armadak ohartarazi du ez dagoela aurreikusterik erasoek izango dituzten ondorioak, baina "oso eragin kaltegarria" izango dutela. Siriako Gobernuak esan du bonbardaketek "gogortu" egingo dutela gatazka.

AEBk ustez Iranekin lotutako Irakeko eta Siriako dozenaka gune bonbardatu ditu bart, aurreko igandean Jordanian drone batekin soldadu estatubatuarrek jasandako erasoari erantzunez.

Joe Bidenek ohar batean azpimarratu duenez, ez du gatazkarik nahi Ekialde Hurbilean, baina irmo erantzungo du erasoren bat jasoz gero.

Irakeko eta Siriako bonbardaketak gauerdian hasi dira, eta ordu erdi iraun dute. Ustez Irango Guardia Islamiko Iraultzailearekin eta Iranen aldeko bestelako taldeekin lotura duten 85 guneren kontra egin dituzte erasoak.

Pentagonoaren esanetan, operazio, logistika eta inteligentzia zentroak eta suziri, misil eta drone biltegiak daude bonbardatutakoen artean, eta azkenaldian AEBko tropen aurka egindako erasoekin omen dute zerikusia.

Iranen aldeko 18 ustezko miliziano hil dituzte erasoetan, Irakeko Armadaren eta Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera.

Al Majadinen, Sirian "Irango kapital"tzat duten hirian, eta Al Bukamal barrutian (Irakeko mugatik gertu) izan dira bonbardaketa gehientsuenak.

Irakeko Armadak gaitzetsi egin ditu erasoak, eta ohartarazi du ez dagoela aurreikusterik erasoek izango dituzten ondorioak, baina "oso eragin kaltegarria" izango dutela.

"Egin dutenak gogortu egingo du Ekialde Hurbileko gatazka oso modu arriskutsuan", adierazi du Siriako Atzerri Ministerioak, SANA albiste-agentzia ofizialak zabaldu duenez. Gainera, Siria ekialdean egindako bonbardaketak "subiranotasunaren urraketa" direla salatu du.

Albisteak (1)