EKIALDE HURBILA
AEBk eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatu dute, huthien aurkako operazio baten baitan
agentziak | eitb media
Yehya Sarea huthien bozeramaile militarrak baieztatu du erasoak jasan dituztela bart, eta ohartarazi duenez, "ez dira zigorrik gabe geratuko". AEBk, Erresuma Batuak, Australiak, Bahrainek, Kanadak, Danimarkak, Herbehereek eta Zeelanda Berriak osatutako koalizio batek egin ditu erasoak.
AEBko eta Erresuma Batuko indarrek, beste herrialde batzuen laguntzarekin, ustez huthiekin lotutako 13 gune bonbardatu dituzte Yemenen, AEBk Siria eta Irak bonbardatu eta Joe Biden presidenteak Ekialde Hurbilean gatazkarik ez duela nahi esan eta 24 ordura.
"Iranen babesa duten huthiak eskualde horretan egiten ari diren legez kanpoko ekintza ezegonkortzaileak ugaritu izanari erantzuteko nazioarteak egindako esfortzuaren harira, otsailaren 3ko 23:30 aldera (bertako ordua), AEBko Komando Zentraleko Indarrek, Erresuma Batuko Indarrekin batera eta Australiaren, Bahrainen, Kanadaren, Danimarkaren, Herbehereen eta Zeelanda Berriaren laguntzarekin, erasoak egin dituzte Iranen babesean dauden terrorista huthiek kontrolatzen dituzten 13 eremutan", azaldu du AEBko Aginte Zentralak (CENTCOM) sare sozialetan.
"Nazioarteko merkataritza-ontziei eta AEBko gerraontziei eraso egiteko huthiek erabiltzen zituzten lekuei" egin omen diete eraso, kontrolgune, misil sistema eta bidaiaririk gabeko hegazkin, radar eta helikopteroak gordetzeko biltegiei, besteak beste.
Yehya Sarea huthien bozeramaile militarrak baieztatu du erasoak jasan dituztela bart, eta ohartarazi duenez, "ez dira zigorrik gabe geratuko".
Yemengo huthiek kontrolpean dute herrialdearen erdigunea eta iparraldea, eta Itsaso Gorriko merkantzia-ontziei erasoak egin dizkiete Gazako Zerrendan Israel egiten ari den erasoa salatzeko.