Itxi

GAZA, ERASOPEAN

Netanyahuk Rafahren "ebakuazioa" agindu du, eta Abbasek palestinarrak Gazatik "kanporatzea" dela salatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Israelgo lehen ministroak bateraezina deritzo Hamas garaitzeari hiri hartan eta inguruetan dituen indarrekin amaitu gabe. Gutxienez 1,3 milioi pertsona daude inguru hartan errefuxiatuta.

Rafah (Gaza). Argazkia: EFE

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ostiral honetan iragarri duenez, Gazako Zerrendaren hegoaldeko Rafah hiriaren "ebakuazioa" prestatzen hasteko agindua eman dio Armadari, azken hilabeteetako bonbardaketen ondorioz indarrez desplazatutako palestinarren azken babeslekua dena.

Ohar batean esan duenez, Israelgo lehen ministroak bateraezina deritzo Hamas mugimendu palestinarra garaitzeari herri hartan eta inguruetan dituen indarrekin amaitu gabe. Gutxienez 1,3 milioi pertsona daude errefuxiatuta inguru hartan.

"Beraz, Netanyahu lehen ministroak gerra-kabineteari plan konbinatu bat aurkezteko agindu die Armadari eta segurtasun estamentuari, herritarrak ebakuatzeko eta batailoi horiek suntsitzeko", komunikatuaren arabera.

Bestalde, Mahmud Abbas presidente palestinarraren bulegoak adierazi duenez, Netanyahuk iragarritako planak Rafah "militarizatzeko" asmoa du, eta "palestinarrak beren lurretatik kanporatu nahi" izatea leporatu dio Israeli.

Palestinako Aginte Nazionalaren buruak Zisjordania okupatuan autogobernu partziala du, eta Israelgo Gobernua eta AEBko Administrazioa dira planaren ondorioen arduradunak, Abbasen hitzetan.

Abbasek "politika suntsitzaile" horren ondorioen "erantzukizun osoa" Israeli eta Joe Bidenen administrazioari egotzi die, eta horren inguruan jarduteko eskatu dio NBEko Segurtasun Kontseiluari. "Herri palestinarrak ez du bere lurra utziko eta ez du onartuko bere aberritik kanporatzea", baieztatu du Abbasek.

Yoav Gallant Defentsa ministroak behin baino gehiagotan iradoki du azken astean Israelek Rafahrantz egingo zuela Khan Yunisen (Hamasen gotorlekua hegoaldean) operazioak amaitutakoan.

NBEk eta AEBk kezka agertu dute Israelgo Armadak lurreko erasoaldia Rafahra hedatzeko aukeraren aurrean, azken babeslekua baita borroketatik ihesi lau hilabete daramatzaten milioi bat gazatar baino gehiagorentzat.

John Kirby Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko bozeramaileak adierazi duenez, Estatu Batuek ez dute babesten Israelgo Armadaren operazio militarrak Rafahra zabaltzea.

Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako goi ordezkariak "kezkagarritzat" jo ditu Israelek erasoaldi militarra zabaltzeko asmoari buruzko informazioak, eta ondorio "katastrofikoak" izango lituzkeela ohartarazi du.

"Israelek Rafahn erasoaldi militar bat abiatzeko aukerari buruzko informazioak kezkagarriak dira. Ondorio katastrofikoak izango lituzke, eta okertu egingo lirateke dagoeneko etsita dagoen egoera humanitarioa eta biktima zibilen kopuru jasanezina", argitaratu du politikariak X sare sozialean.

Albisteak (2)