Itxi

Errusia

Navalniren azken egunak

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aste honetan, Errusiako erregimenaren oposizioko buruak amaren bisita jaso du, isolamendu ziega batean sartu dute eta epaile baten aurrean agertu da, besteak beste.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hauxe da Aleksei Navalniren azken egunei buruz dakiguna. Kremlineko etsai nagusienetakoa izandakoa ostiral honetan hil da, bat-batean, zirkulu polar artikoko kartzela batean.

Otsailaren 12an

Navalniren ama, Liudmila Navalnaia, Kharp herriko IK-3 kartzelara joan zen semea bisitatzera. "Osasuntsu eta pozik zegoen bizirik egoteaz", idatzi zuen haren amak Facebooken.

Otsailaren 14an

"Otso Polarra" ezizenaz ezaguna den espetxeko administrazioak laugarren aldiz bidali zuen Navalni isolamendu ziega batera; 2023aren amaieran iritsi zen kartzela hartara.

Aurretik, gainera, 47 urteko oposizioko burua isolamendu ziega batean giltzapetu zuten hamar egunez, otsailaren 1etik 11ra. Hala, 2021eko urtarrilean Moskuko aireportuan atxilotu zutenetik metodo horrekin zigortzen zuten 27. aldia zen.

Hain zuzen ere, giza eskubideen defendatzaileen eta kazetarien arabera, isolamendu ziegetan egindako egonaldi luzeek, preso egoteko muturreko baldintzekin, kalte larria eragin zioten opositorearen osasunari, eta horren guztiaren ondorioz hil da.

Egun horretan bertan, Navalniren sare sozialetan mezu bat argitaratu zuten haren izenean, Julia emazteari zuzendutakoa, San Valentin eguna dela eta zoriontzeko: "Segundo oro sentitzen dut nire ondoan zaudela, eta gero eta gehiago maite zaitut".

Otsailaren 15ean

Zigortuta egon arren, espetxeko zuzendaritzak bideokonferentzia bidezko bista judizial batean parte hartzeko aukera eman zion Navalniri. Agerraldi hartan, oposizioko politikariak bere ohiko ironiaz kritikatu zituen kartzelan egon arren epaitegiek ezartzen jarraitzen zizkioten isunak: "Maiestate, nire banku-korrontearen zenbakia bidaliko dizut, epaile federalaren soldata izugarritik dirua pasa diezadan, niri dirua bere erabakiengatik amaitzen baitzait".

Otsailaren 16an

Errusiako espetxe-agintariek Navalni bat-batean hil dela iragarri dute, eta haren heriotzaren inguruabarrak ikertuko dituztela agindu.

Opositorearen kideek ez diete sinesgarritasunik eman agintariek zabaldu dituzten lehen informazioei, eta Navalniren abokatua espetxera bidali dute, gertatutakoaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko.

Albisteak (2)

Bideoak (1)