Itxi

Gaza erasopean

Gerra osterako Netanyahuren plana: Israelgo indarrek zaindutako, eta armarik eta UNRWArik gabeko Gaza

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Palestinako Presidentetzak ez du onartuko "Gazako Zerrenda barne hartu eta Jerusalem hiriburu izango duen" Estatu palestinarra ez den beste aukerarik. UNRWAk salatu du bere egiturak "desegiten" ari direla eta "inflexio puntu" batean daudela.

Benjamin Netanyahu, asteon, Knessetean. EFE.

Israelek gerra deklaratu zuenetik lau hilabete eta erdi pasa direnean aurkeztu ditu, aurrenekoz, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak, gerra osteko egunerako asmoak. Zerrenda desmilitarizatua aurreikusten du, Israelen segurtasun indarrek zaindua eta UNRWArik gabea

Ostegunean gerra batzordean aurkeztu eta ostiralean Lehen Ministroaren Bulegoak argitaratutako oharrean, Netanyahuk epe laburrera dituen helburuak gogorarazi ditu: Hamasen nahiz Jihad islamikoaren gaitasun militar eta aginte-azpiegiturak suntsitzea, bahituak askatzea eta Gaza atzera mehatxu bat izatea saihestea.  

Epe ertainera, agintariak zehaztu zu, Israelek operazio militarrak "epe mugarik gabe" egiteko askatasuna izango duela, banalerroan zehar segurtasun perimetro bat mantenduz eta Gaza eta Egipto arteko mugaren kontrolarekin, "Gazako Zerrendan elementu terroristak" berriro ager ez daitezen. 

"Hegoaldeko Hesia, ahal den heinean, Egiptorekin elkarlanean kudeatuko da, eta AEBren laguntzarekin, eta Egiptotik datorren kontrabandoa saihesteko lur-azpitiko nahiz airetiko neurriak izango ditu oinarri, Rafahko bidegurutzea barne", dokumentuak zehazten duenez.

Era beran, Israelek dio Zisjordaniaren eta Gazaren gaineko segurtasunaren kontrolari eutsiko diola, eta inguruan "erabateko desmilitarizazioa" egongo dela, ordena publikoa mantentzeko beharrezkoaz haratago. 

Administrazio zibilari eta ordena publikoari dagokionez, "terrorismoa babesten duten herrialdeetatik edo erakundeetatik" urrun leudeken eta administrazio-esperientzia duten tokiko funtzionarioek arautuko lituzkete. Dokumentuan, Gazan erlijio- eta hezkuntza-erakundeak deserradikalizatzea helburu duen "programa integrala" iragartzen du Netanyahuk, beste herrialde arabiar batzuen laguntzarekin garatuko litzatekeena. 

Epe luzera, Netanyahuk guztiz baztertzen ditu bai Estatu Palestinarraren sorrera, bai eta "akordio iraunkor bati buruz nazioartean emandako aginduak" ere. Halaber, NBEren errefuxiatu palestinarrentzako Agentziaren (UNRWA) amaiera aurreikusten du, argudiatuz erakunde horretako zenbait kidek"urriaren 7ko sarraskian parte hartu" zutela, hori ziurtatzen duen froga erabakigarririk ez dagoen arren. 

"Israelek lan egingo du UNRWAk Gazako Zerrendan egiten dituen jarduerak gelditzeko eta hura nazioarteko laguntza-agentzia arduratsuekin ordezkatzeko", zehaztu du planak.

Palestinako Presidentetzak ez du onartuko "Jerusalem hiriburu duen" Palestinako Estatu baten parte ez den Gazako Zerrenda, eta "kontrako edozein plan porrotera bideratuta" dagoela ziurtatu du.

Palestinak ez du Estatu palestinarra ez den alternatibarik onartuko

Mahmud Abas buru duen Presidentzia palestinarrak ziurtatu duenez, Palestinako Presidentetzak ez du onartuko "Gazako Zerrenda barne hartu eta Jerusalem hiriburu izango duen" Estatu palestinarra ez den beste aukerarik. Hala erantzun dio Palestinak Netanyahuk bart iragarritako gerraosteko planari. 

"Gaza Jerusalem hiriburu izango duen Estatu palestinar independentearen parte izango da", esan du gaur ohar batean Nabil Abu Rudeineh Abas Palestinako presidentearen bozeramaileak.

"Bestelako edozein plan porrotera bideratuta dago", ohartarazi du testuan, Netanyahuren planaren helburua lurraldean "Israelen okupazioa betikotzea" eta "Estatu palestinarra ezartzea eragoztea" dela salatzearekin batera. 

UNRWA "inflexio-puntuan", hura "desegiten" ari direlako

Philippe Lazzarini NBEren errefuxiatu palestinarrentzako agentziako (UNWRA) ordezkariak ostegun honetan ziurtatu duenez, erakundea "inflexio-puntu" batera iritsi da, "Israelek UNRWA desegiteko behin eta berriz egindako ahaleginengatik", eta Gazan aurrekaririk ez duen beharrizan humanitario betean "emaileen finantziazioa izozteagatik".

16 herrialdek eten dituzte (edo hala egingo dutela iragarri) UNRWAri egiten dizkioten ekarpenak, 450 milioi dolar (415 milioi euro) guztira. "UNRWAk eskualde osoan egiten duen lana erabat kolokan egongo da martxotik aurrera", gaineratu du Lazzarinik, eta Israelek UNRWAren aurka hartu dituen neurri guztiak zerrendatu ditu, besteak beste, NBEk ematen dion immunitatetik agentzia baztertzeko lege-proiektu bat, bisak mugatzea edo Jerusalem ekialdeko bulegotik langileak kanporatzeko neurriak.

"Hondamendi izugarri baten atarian gaude, eta horrek ondorio larriak ditu eskualdeko bakean, segurtasunean eta giza eskubideetan. Epe laburrean, UNRWA desegiteak Gazako krisi humanitarioari aurre egiteko NBEren ahaleginak ahulduko ditu eta Zisjordaniako krisia larriagotuko du", ohartarazi du.

Era berean, gogorarazi du Netanyahuk etorkizuneko Israel irudikatzen zuen mapa bat aurkeztu zuela Batzar Nazionalean, Palestina osoa barne hartzen zuena eta asmo hori errealitate bihurtzeko "oztopo gisa" aurkeztu zuela "inguru horretan errefuxiatu palestinarren zerbitzua ematen dien UNRWAren mandatua". Lazzarinik zehaztu duenez,  "munduko edozein gatazkatan baino ume, kazetari, osasun langile eta NBEko langile gehiago hil dira Gazan lau hilabete pasatxoan" eta ohartarazi Gazan ate-joka dela gosetea.

UNRWAko langile bat Beiruten (Libano), errefuxiatu palestinarren kanpamendu batean lanean. EFE.