ALIANTZA ATLANTIKOA
Suedia NATOn sartzea onetsi du Hungariako Parlamentuak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Aliatu guztiek onartu dutenez, Suedia NATOko 32. herrialdea izango da. Suediaren integrazioak indartsuagoak eta seguruagoak egingo gaitu guztiok", azpimarratu du Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak.
Hungariako Parlamentuak Suedia NATOn sartzea onartu du astelehen honetan, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak ostiralean aurreratu zuen bezala. 19 hilabetez erabakia atzeratzen aritu ondoren, atxikimendua onartuko zutela iragarri zuen, segurtasun arloko akordio komertzial bat sinatu ostean.
"Pozik hartzen dut Hungariako Parlamentuak Suedia NATOn sartzea onartzeko egin duen bozketa", esan du Jens Stoltenberg Aliantzako idazkari nagusiak X-en duen kontuan argitaratu duen mezuan.
"Aliatu guztiek onartu dutenez, Suedia NATOko 32. herrialdea izango da. Suediaren integrazioak indartsuagoak eta seguruagoak egingo gaitu guztiok", azpimarratu du.
Gure Aberria Mugimenduko sei ordezkariek bakarrik eman dute ezezko botoa Hungariako Parlamentuan, 'Magyar Hirlap' egunkariak jaso duenez.
Oniritzi horrekin, Suediak azken oztopoa gainditu du NATOn sartzeko, Turkiaren kontrako jarrera aldatzea lortu ondoren. Izan ere, hasiera batean, Turkiak eskandinaviarrei leporatu zien Ankarak terroristatzat jotako talde kurduei babesa ematea, eta Hungariak ez zuen batere ondo hartu Suediak bere sistema demokratikoari egindako kritikak. Horregatik, bi Estatu horien onarpena kostatu egin da.