Itxi

Latinoamerika

Mileik hizkuntza inklusiboa eta genero ikuspegia debekatu ditu Argentinako administrazio publikoan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

"Sektore guztiak hartzen dituen hizkuntza gaztelania da", justifikatu du Argentinako Gobernuak, ez baitu beharrezko ikusten "egitura" berriak sartzea beste sentsibilitate batzuei lekua egiteko.

Javier Milei Argentinako presidente ultraeskuindarra. Artxiboko argazkia: EFE

Argentinako Gobernuak debekatu du administrazio publiko osoan hizkuntza inklusiboa eta genero ikuspegia erabiltzea, "politikaren negozio gisa erabili" dela argudiatuz, Defentsa Ministerioak ere antzeko neurri bat iragarri eta ordu batzuetara.

Manuel Adorni presidentearen bozeramaileak azaldu duenez, neurriak esan nahi du administrazioek ezin izango dituztela erabili genero hizkera neutroa edo "arroba" edo "ixa" bezalako sinboloak. "Beharrezkoa ez den hizkuntza femeninoa sartzea" ere saihestuko dute, Javier Milei ultraeskuindarraren bozeramaileak hedabideen aurrean adierazi duenez.

"Sektore guztiak aintzat hartzen dituen hizkuntza gaztelania da, espainiera", justifikatu du Adornik, eta ez du beharrezko ikusten "egitura" berriak sartzea beste sentsibilitate batzuei lekua egiteko.

Defentsa ministroak, Luis Petrik, "gaztelaniaren derrigortasuna" ezarri zuen astelehenean, "Espainiako Hizkuntza Akademiaren arauen arabera", "hizkuntzaren forma okerrak ezabatzeko", "irakurketa okerra" eragin dezaketelako eta operazio militarrei ere eragin diezaioketelako.

"Defentsa Nazionalaren eremuko komunikazioek argiak eta laburrak izan behar dira, kasuan kasuko arau militarrek ezarritakoaren arabera", jasotzen du Ministerioaren ebazpen batek, eta jarraibide berri horiek betetzen ez dituztenen aurkako neurriak aurreikusten ditu.