ERRUSIA
Putinek ohartarazi du gerra nuklearra eragin dezakeela NATOk Ukrainara soldaduak bidaltzeak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
NATOko herrialdeetara iritsi daitezkeen armak dituela nabarmendu du eta gezurtatu egin du Errusiak Europari eraso egiteko asmorik duenik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi du gerra nuklearra, eta, hortaz, "zibilizazioaren amaiera" eragin dezakeela NATOk Ukrainara soldaduak bidaltzeak. Halaber, esan du aliatuek ulertu behar dutela Errusiak ere armak dituela eta NATOko lurraldeetara iritsi daitezkeela.
Aste honetan, Ameriketako Estatu Batuek eta aliatu batzuek nabarmendu dute ez dutela Ukrainara soldaduak bidaltzeko asmorik, aurrez Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iradoki zuenaren kontra.
Errusiako presidenteak Errusiako Parlamentuko bi ganberen aurrean egin duen hitzaldian azaldu duenez, Errusiak mendebaldeko barruti militarra indartu behar du Finlandia eta Suedia Aliantza Atlantikora batu ondoren.
Ukrainako gerrari lotuta, gauzak ondo doazela esan du Putinek. Horren hitzetan, "Indar Armatuen borrokarako gaitasunak gora egiten jarraitzen du. Gure unitateek tinko eusten diote, norabide batzuetan konfiantzaz aurrera egiten ari dira, eta gero eta lurralde gehiago askatzen dituzte". Gaineratu duenez, ahal duen guztia egingo du "operazio militar berezia" amaitzeko.
Halaber, Errusiak Europari eraso egiteko asmorik duela esatea "astakeria" dela azpimarratu du.
Bestalde, Alexei Navalni Siberiako kartzela batean hil eta ia hiru astera, argi eta garbi adierazi du ez diola inori utziko Errusiaren barne arazoetan sartzen.