Itxi

GAZA

Gazan janaria hartzeko ilaran zain zeuden 100 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek

AGENTIZAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, aurrez pentsatutako eta antolatutako erasoa izan da. "Goseak hiltzen ari diren herritarrak hiltzen ari dira", esan dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gazan laguntza humanitarioa jasotzeko zain ilaran zeuden 100 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek gaur goizean. Erasoan 700 pertsona baino gehiago ere zauritu dira, horietako asko larri, eta hildakoen kopuruak gora egingo duela ziurtzat jotzen da. Gazako Osasun Ministerioak eman du azken sarraski honen berri, gaur eguerdian kaleratu duen komunikatuan.

Batez ere elikagaiak zekartzaten kamioien zain zeuden ehunka palestinar Nabulsin, Gaza iparraldean, Israelgo Armadak erasoa egin duenean. Soldaduak bertara iritsi dira eta tiroka hasi dira.

Gazako agintariek salatu dute "aurrez pentsatutako eta antolatutako" erasoa izan dela, eta Israel Gazan egiten ari den "genozidioaren eta garbiketa etnikoaren" barruan kokatu dute. "Israelgo Armadak bazekien ehunka palestinar elikagaiak jasotzeko zain zeudela, baina hala ere, hil egin dituzte", gehitu dute.

Israelgo Gobernua bakarrik ez, nazioarteko komunitate osoa jo du eraso honen erantzule Osasun Ministerioak. "Goseak dagoen herria hiltzen ari dira okupatzaileak". Gerra hasi zenetik, 30.000 palestinar baino gehiago hil dira israeldarren erasoetan.

Hamasek, Jihad Islamiarrak eta Palestinar Aginte Nazionala gogor salatu dute gaurko sarraskia. Hamasek esan du "gerra krimenetan aurrekaririk ez" duen erasoa izan dela, goseak hiltzen ari diren herritarrak hiltzen ari delako orain Israel.

Erasoa justifikatu du Israelek

Israelgo Armadak onartu egin du ilaran zain zeuden herritarren kontra tiroka hasi dela, baina erasoa "justifikatuta" dagoela esan du. Azaldu duenez, bultzaka eta kamioietatik lapurtzen hasi dira palestinarrak, eta laguntza humanitarioaren banaketa "arriskuan" jarri dute.

Ohar batean, Gobernu israeldarrak ziurtatu du gertatutakoa aztertuko dutela, eraso nork hasi duen argitzeko. "Kamioiak Gaza iparraldera sartu direnean, herritarrak ibilgailuak inguratzen eta zeramaten materiala lapurtzen hasi dira, bultzaka eta elkar zapalduz", dio idatziak.

Herritar asko ibilgailuek zapalduta hil direla ere gehitu du Israelek.

Bideoak (1)