Itxi

Amerika

Sheinbaum eta Galvez hautagai nagusi direla iritsi da hauteskunde-kanpaina Mexikora

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ekainaren 2an Mexikoren historiako hauteskunde handienak egingo dituzte: 97 milioi herritarrek 500 diputatu, 128 senatari eta Errepublikaren presidentea hautatuko dituzte.

Sheinbaum eta Galvez. Argazkia: EFE

Mexikoko hauteskunde kanpaina ostiral honetan hasiko da Claudia Sheinbaum ofizialista eta Xochitl Galvez opositorea hautagai nagusi direla, baina Andres Manuel Lopez Obradorren itzala presente delarik.

Horixe uste dute adituek, Jorge Alvarez Maynez Movimiento Ciudadanoko presidentegaiaren hautagaitza urrun dagoelakoan.

Ekainaren 2ko hauteskundeak Mexikoren historiako handienak izango dira. 97 milioi herritar daude botoa ematera deituta 20.375 kargudun federal hautatzeko, tartean Errepublikako presidentea, Diputatuen Ganberako 500 diputatuak, Senatuko 128ak, eta bederatzi estatutako gobernuak.

Movimiento Regeneración Nacional (Morena) agintean dagoen alderdiko hautagaia, Claudia Sheinbaum, da faborito inkestetan, eta Lopez Obrador baino "kontserbadoreagoa" da aldarrikapenetan Miguel Tovar adituaren arabera.

"Paradoxikoki, Claudiaren indargune eta ahulgune nagusia presidentea bera da", azpimarratu du Palmira Tapia politologo adituak. Jarraitzaileentzat Laugarren Eraldaketaren proiektuarekin bat egitea "oso ondo" dagoela, baina ez direnentzat "puntu negatibo nagusia" dela gehitu du.

Bestalde, adituak adierazi duenez, Galvezen "ezaugarri nagusiak izateko modu espontaneo eta erantzuteko gaitasuna dira", baina "ez dira nahikoa" bere ahulgune haundiei aurre egiteko: bera ordezkatzen duten alderdiek "politika zaharra" ekartzea gogora.

El Universal egunkariak berriki argitaratu duen inkestaren arabera, oposizioko koalizioa osatzen duten Partido Accion Nacionalek (PAN), Partido Revolucionario Institucionalek (PRO) eta Partido Revolucion Democraticak (PRD) inkesta erantzun zutenen lautik baten babesa dute, eta Morenak bi herenena.

Medinak "hirugarren postu urrun batean" kokatzen du MCren hautagaia, eta "akats larriak" egin dituela iritzi dio, tartean biral egin zen bideo batean "alkoholaren eraginpean" ateratzea.

Politologoak aitortu du Lopez Obradorrek badakiela kanpainetan jokatzen, "estratega" bat delako, eta horixe erakusten dutela egin dituen erreforma konstituzionalek, tartean botere judizialaren berregituraketak.

Gaineratu du bera dela hauteskundeetako "izar nagusia". Horregatik, New York Timesen narkotrafikoarekin lotzen zuen informazioa argitaratu izana berari zuzendua dela uste du, Sheinbaumi baino gehiago.