Gaza, erasopean
AEBk blokeatu egin du NBEn Gazan janaria hartzeko ilaran zeudenen aurkako erasoa salatzeko adierazpena
Agentziak | EITB Media
Aljeriak proposatutako testuaren aurka bozkatu zuen atzo Washingtonek NBEren Segurtasun Kontseiluaren bileran, "gertatutakoaren inguruko datu guztiak ez" dituela argudiatuta.
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua urgentziaz bildu zen atzo, Israelek Gazan egindako enegarren sarraskia gaitzesteko asmoz. Aljeriak eskatuta egin zuten batzarra, ateak itxita. Riad Mansur NBEn Palestinak duen ordezkariak gaur jakinarazi duenez, AEBk gainerako herrialde guztiek babestutako adierazpenaren kontra bozkatu zuen.
Mansurren hitzetan, 15 kideetatik 14k babestu zuten Aljeriaren adierazpena.
Robert Wood AEBko ordezkariaren ondokoak argudiatu zuenez, Washingtonek "ez ditu gertatutakoaren inguruko datu guztiak". "Hori da arazoa", erantsi zuen, eta argitu zuen AEBko agintariak "pertsona horiek nola hil ziren" egiaztatu nahian dabiltzala, "mundu guztia ados egongo den hizkuntza batekin adierazpen batean jasotzeko".
Aurretik ere egin dio uko inoiz AEBk Israelen erasoak gaitzesteari, eta, gainera, betoa ezarri die beste herrialde batzuek su-etena eskatzeko aurkeztutako adierazpenei.
Nazioarteak gogor gaitzetsi du atzoko erasoa. Bien bitartean, Israelek esan du janari eske bildutako jende oldearen ondorioz hil zirela palestinarrak, kamioiek zapalduta. Tel Aviven arabera, 10 pertsona baino ez zituzten hil soldadu israeldarrek.