Itxi

Krisi humanitarioa Zerrendan

Bidenek iragarri du AEBk Gazan laguntza paketeak airetik botako dituela

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak itsas korridore bat zabaltzeko aukeraz hitz egin du, eta Israeli Gazako Zerrendan kamioi gehiago sartzen uzteko eskatuko diola esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak iragarri du elikagaiak eta botikak dituzten paketeak airetik botako dituztela Gazako Zerrendan, eta itsas korridore bat irekitzeko aukera mahai gainean jarri du, laguntza humanitarioa lurraldean sartzea errazteko.

"Gazara bideratzen ari den laguntza ez da nahikoa. Errugabeen bizitza dago jokoan. Haurren bizitzak daude jokoan", adierazi du agintariak Etxe Zurian, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin bilera egin aurretik.

Iragarpenean, ordea, Biden nahastu egin da, eta Ukraina aipatu du Gazari buruz ari zenean. "Datozen egunetan, Jordaniako gure lagunekin eta beste batzuekin bat egingo dugu Ukrainan elikagaiak eta hornidurak airetik botatzeko. Ukrainan beste bide batzuk irekitzea bilatuko dugu, itsas korridore bat zabaltzeko aukera barne, elikagai kopuru handiak heltzeko", esan du.

AEBko presidenteak esan du Israeli eskatuko diola kamioi gehiago sartzen uzteko eta lurretik beste bide batzuk irekitzea errazteko, laguntza humanitarioa bertara helarazteko. "Ehunka kamioi sartu beharko lirateke, ez gutxi batzuk bakarrik. Ez naiz geldi geratuko. Ahal dugun guztia egiten saiatzen ari gara laguntza gehiago lortzeko", azpimarratu du.

Halaber, Bidenek esan du espero duela "laster" akordio bat adostea Hamas talde islamista palestinarraren esku dauden pertsonak askatzeko, eta sei asteko su-eten bat ixtea, Zerrenda osoari laguntza emateko.

Bideoak (1)