Itxi

GAZA, ERASOPEAN

Gazara laguntza aire bidez helarazteko operazioa hasi du AEBk, 38.000 elikagai-pakete jaurtiz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gutxienez 92 gazatar hil dituzte azken 24 orduetan Gazako Zerrendan. Gainera, 15 haurtxo hil dira aste honetan malnutrizioaren eta deshidratazioaren ondorioz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ameriketako Estatu Batuetako Armadak Gazako Zerrendako palestinarrei aire bidez laguntza emateko operazioa hasi du larunbat honetan, C-130 hegazkinetatik 38.000 elikagai-pakete jaurtiz, AEBko iturri militarrek NBC Newsi baieztatu diotenez.

Aste honetan baimendu du Joe Biden AEBko presidenteak operazioa, Gazan bizi duten krisi humanitarioa arintzen saiatzeko.

Azken egunotan, Jordaniak hainbat hegaldi egin ditu sistema horren bidez laguntza helarazteko, eta AEBko Gobernua ere horretan hasi da gaur; izan ere, laguntza humanitarioa lurretik sartzeko zailtasun handiak daude, Israelek pasabideak blokeatuta dituelako eta Gazara sartutakoan borroka gogorrak daudelako Hamaseko miliziaren eta Israelgo Armadaren artean.

Asteon, gainera, Israelek ehun lagun baino gehiago hil ditu janaria lortzeko ilaran zeudela.

90 gazatarretik gora hil dira azken 24 orduotan, bost haurtxo barne, malnutrizioagatik

Gutxienez 92 gazatar hil dira azken 24 orduetan Gazako Zerrendan jasan dituzten hainbat erasotan: iparraldean, Beit Hanounen eta Jabalian; erdialdean, Deir al-Balahn eta Khan Yunisen, eta hegoaldean, Rafahn. Osasun Ministerioaren arabera, guztira 30.320 gazatar hil eta 71.533 pertsona zauritu dituzte urriaren 7tik hona.

Halaber, milaka biktima omen daude oraindik hondakinen azpian eta errepideetan, Ministerioaren esanetan.

Gaineratu duenez, 15 haur hil dira malnutrizioaren eta deshidratazioaren ondorioz aste honetan Gazako Zerrendako iparraldeko ospitaleetan; bost, azken orduetan.

Deir al-Balahko bonbardaketa. Argazkia: EFE

Borrellek gogor hitz egin gu Israelen kontra Gazan janari bila zebiltzan zibilak hiltzeagatik

Bestalde, Josep Borrell EBko Kanpo Arazoetarako goi ordezkariak zuzenean Israeli leporatu dio Gazan 112 palestinar hil izana janaria banatzen ari zirenean, eta ohartarazi du "soldadu israeldarrek zibilen aurka egindako tiroak justifikaezinak" direla.

Israelgo Armadari egindako seinalatze esplizitu horrekin, Borrell aldendu egin da ostiral honetan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak erakutsitako jarreratik, erasoen egile gisa Israel aipatzea saihestu eta gertakariak argitzeko ikerketa eskatu baitzuten.

Gaur, ordea, Israel seinalatu du inolako zalantzarik gabe Europako diplomaziaren buruak, eta "gertaera tragiko honi buruzko nazioarteko ikerketa inpartziala" eskatzeaz gain, urrats bat harago joanda esan du "gertakari honen erantzukizuna Israelgo Armadak Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta banatzeko ezarritako murrizketen ondorio" dela.

Israelen eta Hamasen arteko borrokak amaitzen ez badira eta "nazioarteko zuzenbide humanitarioa mespretxatzen jarraitzen bada", "laguntza humanitarioa banatzea ezinezko egingo duen erabateko kaosa izango da", Europako diplomaziaren buruaren hitzetan.

Horregatik, Gazan laguntza humanitarioa sartzeko mugak kentzeko eta sarbide humanitario "askea, oztoporik gabea eta segurua" ahalbidetzeko eskatu dio Borrellek Israeli.

Era berean, janaria edo funtsezko produktuak airetik botatzeak "azken aukera" izan beharko lukeela ere gaineratu du Borrellek, "inpaktua oso txikia duelako eta zibilentzat arriskutsua delako".

Albisteak (3)

Bideoak (1)